Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuek gaur ezagutzera eman duten epaia IRPHa baliogabetuz Probintzia Auzitegi batek ebatzi duen lehena da. Orain artean lehen instantzian hainbat epai izan dira IRPHaren aurka, baina gaur ezagutu dena Probintzia Auzitegi batek eman duen lehena da, eta Araban ebatzia izan da Kutxabank zigortuaz.
Aurrez Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak 40 kasu baino gehiago aztertu zituen. Tartean ziren IRPHaren aurka estatuan lortu ziren lehen epaiak, Ortiz eta Erauskin abokatuen lan boluntarioarekin IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak lortuak. Kasu horietan guztietan Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak epaiak bertan behera utzi eta IRPHa onetsi zuen. Honek bakardade egoera gero eta nabarmen eta susmagarriagoan jarria du Gipuzkoako Auzitegia, izan ere estatuko merkataritza arloko hainbat epaitegik IRPHa baliogabetzen jarraitu dute. Arabako epaia historikoa da, eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren isolamendua azpimarratzera dator.
Gaur ezagutu den epaiak maileguak erreferentziatzat zuen IRPH Entidades indizea baliogabetzen du abusuzkoa delako, eta baita ordezko bezala aurreikusia zeukan IRPH Cajas ere. Ondorioz, mailegua inolako interesik gabe geratzen da, eta salaketa jarri duenak ez du batere interesik ordainduko. Epaiak, gainera, Kutxabanken kontratuetan ohikoak diren beste abusuzko klausula batzuk ere baliogabetu ditu, adibidez %15etik gorako berandutze interesak.
Zigor honen ondorioz, Kutxabankek kobraturiko interes guztiak itzuli beharko ditu, atzerako eraginez. Kasu honetan 75.000 eurotik gorako dirutza da Kutxabankek itzuli beharrekoa.
IRPH Stop Gipuzkoa plataformatik oso balorazio baikorra egiten dugu epai historiko honen inguruan, eta sekula hasi behar ez zen borroka judizial bati amaiera emango diola espero dugu. Banketxe guztiek, eta batez ere Kutxabankek, bere jatorri eta ustezko gizarte helburuak direla eta, epaitegietan helegiteak jartzeko bidea utzi behar dute. Guztiek hasi behar dute IRPHa aplikatuz kalteturiko familia guztiei kobraturiko interes guztiak itzultzen. Gainera, IRPHari loturiko hipotekak exekutatzearen ondorioz desjabeturiko etxebizitza guztiak euren jabeei itzuliak izan behar dira lehenbailehen.
Azpimarratzekoa da epai hau ezagutu baino lehentxeago, pasaden otsailaren 4ean, Gasteizko Legebiltzarreko osoko bilkurak zera adierazi zuela: «IRPH interes-tipoa opakoa dela, banketxeek eragin diezaioketena, merkatuaren errealitatea jasotzen ez duena eta argi-argiro kaltegarria kontsumitzaileentzat, eta abusuzkotzat jo beharrekoa». Legebiltzarrak, gainera, banketxeei eskatu zien «itzul diezazkietela pertsona kontsumitzaileei indize horretan erreferentziaturik kobratutako interes guztiak» eta baita «IRPHko edozein motatan erreferentziatutako hipotekak exekutatzeagatik utzarazitako etxebizitzak» ere.
Legebiltzarrak onarturiko testuak Lakuari eta Kontsumobideri dei zuzena egiten zien, eta ondorioz kalteturiko familiok espero dugu neurriak hartuko direla iruzur honi behin betiko amaiera emateko.
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1085 irakurketak
- Castellano