Duintasunerako makinak: Hondarribiko boluntarioak errefuxiatuentzako joste tailerra ari dira muntatzen Katsikaseko kanpalekuan eta herritarren laguntza behar dute

Udaberrian Katsikas (Grezia) errefuxiatuen kanpalekura Hondarribian bildutako arropa banatzera joan zen boluntario taldeak bilketa berria antolatu du abuztuan. Madrilgo Los Olvidados gobernuz kanpoko erakundearen laguntzarekin, joste tailerra muntatzen laguntzen ari dira hondarribiarrak Katsikasen. “Helburua bikoitza  da —adierazi dute—. Batetik, jarduera bera premiazkoa da, iheslarien etsipena leuntzeko balio dezakeelako, zerbait egiteko eta beste emakumeekin elkartzeko aukera izango dutelako. Eta bestetik, errefuxiatuen duintasunerako oso inportantea da, elkartasun kanpainetan bidalitako materiala ez delako beti euren gustukoa, eta joste tailerrean konpondu, prestatu edo moldatzeko modua izan dezakete”.

Uztailean bederatzi makina bidali zituzten, horietako bost estreinatu gabeak Eibarko Alfa enpresak emandakoak, eta orain gehiago behar dituzte. Makina eramangarriak nahi dituzte, “maletatxo erakoak, elektrikoak, eta egoera daudenak”.

Abuztuaren 22tik 26ra jasoko dituzte makinak Emeki emakume elkarteak Puntala auzoan duen egoitzan (Molla etobidea, 1). Arratsaldez izango dira bertan, 18etatik 20:00etara.

Tailer osatua nahi dute
Makinez gain, telak ere bidali nahi dizkiete boluntarioek Greziako errefuxiatuei, “soinekoak egiteko eta abar”. Hortaz, norbaitek lagundu nahiko balu, hilaren 22tik 26ra Emekiren egoitzara eraman ditzake. “Tela onak, politak, eta gardenak ez direnak, horrelakoak behar dituzte —erantsi dute—. Katsikasen ez dute ahaztuko Hondarribiak udaberrian egin zuen bilketa, baina urrats gehiago eman nahi ditugu, haietaz ahazten ez garela erakutsi nahi diegu”.

Eta josteko beharrezko diren askotariko materiala jasoko dutela jakinarazi dute, hala nola, plantxak, guraizeak, jostorratzak, orratz burudunak, hariak, titareak, erregelak, kremailerak, botoiak... Hori bai, materiala egoera onean egotea eskatu dute.

Uztailean bederatzi makina bidali zituzten Hondarribitik eta abuztuaren 22tik 26ra bildutakoak irailean eramango dituzte, Los Olvidadosek Madrilgo egoitzatik abiatuko den trailerraren barruan.

Baina joste makinak ez dira Hondarribiko boluntario taldeak Katsikasetik bueltan egingo duen lehen bidalketa. Aurretik, Berako Alco enpresak eta Euskadiko Haurtzaindegien Partzuergoak dohaintzan emandako altzariak bidali zituzten. Besteak beste, haurrentzako hamakak, kanpalekuko familientzako 15 litroko ur bidoiak, mahaiak eta aulkiak bidali zituzten, eta dagoeneko erabiltzen ari dira. “Eta jarraituko dugu materiala biltzen eta bidaltzen, eskatzen diguten heinean”, gaineratu dute boluntarioek.

Etiquetas: