Hondarribiko EH Bildu.- Ekimena oso interesgarritzat hartzen dugu eta Hondarribiko EH Bildutik ere gure babesa adierazi diogu jada.
Correscales edo Korrika Prekarioa Bilbo eta Bartzelona batuko dituen 800 km-ko errelebo- lasterketa bat da. Otsailaren 18an aterako da Bilbotik, 19 goizean Gipuzkoa zeharkatu eta arratsalde-iluntzean Iruñera helduko da. Ekimenaren helburua, ordea, ez da helmugara ahalik eta azkarren iristea: egungo sistemak dakarkigun prekarietatea ikusarazi eta elkartasunaren bidez aurre egiteko grina piztea.
Aipatu prekarietatea gurean oso hedatua dagoen errealitate bat izanda ere, esan behar dugu, Euskal Herrian bertan ere, modu isolatuan eta bakardadean bizi den errealitatea dela.
Komunikabide handiek zein gobernu ezberdinek sekulako inbertsioak egiten dituzte herri- sektoreak desinformatuta ez ezik, zatituta ere izateko. Prekarietate eta pobreziaren aurpegia bereziki emakume, gazte eta migranteena bada ere, ezin ahaztu dezakegu azken urteotako prekarizazio-prozesuek langile gehienak bete-betean jo gaituztela, hitzarmenak deuseztatuz edota lan-baldintzak zeharo gogortuz. Euskal Herrian, gainera, egunerokoan barneratu ditugun hainbat mito hautsi beharrean ikusten gara. Hona hemen, besteak beste, mito horietako garrantzitsuenak:
- Ekonomia hobetzen ari da. Gezurra da; langabezia tasak asumi ezinak ez ezik (173.000 langabe Hego Euskal Herrian), iraupen luzeko langabeziak (74.200 pertsona) atzera buelta zaila duen pobrezia-egoerara kondenatzen gaitu. Gainera, sortzen diren lanpostuak erabat prekarioak dira: % 90 behin-behinekoa, ia erdia hilabete baino gutxiagokoa. Langile eta herri-sektoreon ekonomia ez da hobetzen ari, dirudunen mozkinak ari dira gorantz egiten.
- Euskal Herrian ez gaude hain gaizki. Gezurra da. Euskal Herrian langileok ez gaude batere “ongi” eta azken 30 urteotako balantzak hala adierazten du: langileok Hego Euskal Herriko Barne Produktu Gordinaren % 10 gutxiago jasotzen dugu eta enpresarien mozkinak % 10 egin dute gora. Gainera, azken urteotako hispanozentrismoaren fenomenoak izugarrizko kaltea eragin digu: beti estatu espainiarrarekin alderatzen gara, industria-basamortua izateaz gain, porlan eta turismoan oinarritzen den estatuaren ekonomia hondoratuarekin. Alta, estatu espainiar hori bera da bizitza prekarioak bizitzera kondenatzen gaituena lan-erreformak burutuz, zerbitzu publikoak suntsituz, defizitaren muga ezarriz edota finantza-sistema autonomoa desagerraraziz, azken finean, Euskal Herriko eredu sozioekonomiko propioa garatzeko burujabetza ostuz.
- Krisia fenomeno natural bat da. Gezurra da. Egun Euskal Herrian bizi dugun egoerakerantzule argiak ditu: neoliberalismoa, patriarkatua eta inperialismoa. Honen atzean bultzatzaile argi batzuk daude: transnazionalak, gobernu neoliberalak eta haien esku dauden komunikabide erraldoiak. Horien guztien bidez eredu ekonomiko bakarra existitzen dela sinetsarazi digute, eredu naturala dela, ez dagoela alternatibarik. Euren indarra, ordea, sinesmen horretan bertan dago, pixkanaka iraultzen ari garen sinesmena.
Korrika Prekarioa zergatik?
Korrika Prekarioaren aldeko apustuak, gurean, bi helburu nagusi betetzen ditu: alde batetik, Teléfonica-Movistarreko langile prekarioen ekimena izaki, transnazional handiek eragiten duten prekarietate inbisibilizatua agerian utzi eta egoera berean dauden langileekiko zubiak eraikitzen ditu; eta bestetik, kalera ateratzera derrigortzen gaitu, egoerari aurre egitera, langile eta herri-sektoreak batuko dituen elkartasuna praktikan jartzera. Horrelako ekimenek, eragile sozial, sindikal eta politiko eraldatzaileen arteko harremanak estutu eta egoera sozioekonomiko erreala geure agenden lehen planoan jartzeko aukera eskaintzen digute.
Ekimenaren gaineko informazio guztia (Ibilbidea, azalpenak eta diru-bilketa) hemen dago: https://eu.goteo.org/project/correscales-2016/home
Eraiki dezagun burujabetza-nahia, bizitzaren esparru guztietan burujabetza izatearen nahia. Bultza ditzagun langile eta herri-sektoreen ekimenak, bultza dezagun Euskal Herri berria eraikitzeko nahia!