Irungo EH Bildu.- Lehenik eta behin esan beharra dago Irungo udal gobernuak 2016ko aurrekontuak onartzeko zeukan lehenengo data abenduak 29a zela, baina barne araudia urratzeagatik aurrekontuen onarpenerako osoko bilkura atzeratu behar izan zuenez, Euskal Herria Bildu udal taldeak aurkeztutako zuzenketak baliogabe geratzen zirela ulertuta erretiratu egin genituela.
Data berrien prozesuaren baitan, lehenagotik aurkeztutako osoko zuzenketa eta zuzenketa partzialez gain, honako berri hauek aurkeztu ditugu: udal langileen 2012 urteko 14. ordainsariaren ordainketa, 3 gizarte langile posturen sorrera eta Mendibil merkatal guneko zinemen erosketa.
2012 urtean udal langileek beraien 14. ordainsaria galdu egin zuten. Ordainsaria ukatu zitzaien lehen unetik aritu gara langileek duten eskubide hori aldarrikatzen eta udal gobernuari ordain zezan eskatzen. Gaur egun jada ordainsari horren %50 pasatxo ordaindu zaie langileei, baina ia beste erdia ez dute oraindik jaso. Hori horrela, eta jakinik ordainketa egin ahal izateko dirua egon badagoela, 2016ko aurrekontuetan sartzea eskatu dugu, behingoz langileek bere eskubidea dena eskuratu dezaten.
Bestalde, herri honetan dauden egoerak ezagututa eta gure ustetan egin beharko liratekeen politikak aurrera eraman asmoz, lanpostu batzuen (sorrera osatzea, betetzea) eskatzen dugu. Hauek izango lirateke eskatutako postuak: berdintasun teknikaria, migrazio teknikaria eta (1-2-3-4-5) gizarte langile.
Azkenik, zuzenketa berrien artean Mendibil merkatal zentroko zinemak erosteko eskaera egiten dugu. Abenduko osoko bilkuran, itxierara eramango zituen aukera guztiak oraindik agortuak ez zeudela esan baziguten ere, Irungo udalak zinemak erosi ditzala eskatu genuen. Kasu honetan, udal aurrekontuetan diru partida bat sortzea eskatzen dugu, Irun bezalako hiri bat erdigunean zinemarik gabe ezin daitekeela geratu uste baitugu.
Ezinbestez aipatu beharra dugu hainbat eta hainbat eragilek eta elkartek udal aurrekontu proiektua inondik inora soziala ez delako egindako kritikak ez ditzala entzungor egin udalak. Herritarrek dituzten eskubideak bermatu eta oinarrizko beharrei erantzuteko unea da eta 2016 urterako aurrekontu proiektuak ez die behar horiei erantzuten.
Honenbestez, Irunen bizi dugun egoera eraldatzeko gure ustez bidea markatzen duten zuzenketak aurkeztu ditugu, eta bide horretan udal gobernuak zer egiteko asmo duen ezagutzeko eta gure zuzenketen inguruan aritzeko balioko digu aste honetan bertan ogasun delegatuarekin daukagun bilerak.