EITBko albistegiak: LABen diagnostiko orokorra eta proposamenak

Txosten hau egiteko arrazoiak:
EITBko LABek txosten berria kaleratu du gaur, bertan komunikabide publikoaren albistegien azterketa eta proposamen zehatza egiten ditu. Betidanik EITBren erabilera partidista egin izan baitute Jaurlaritzan egondako alderdiek, eta hau etxe barruan LABek beti salatu izan du, bakardadean.

Oraingoan irakurketa atenporala egin dugu, albistegien arazoa unean unekoa edo koiunturala baino, estrukturala delako. Hain zuzen EITBk agintean dagoen alderdiaren kontrola ziurtatzeko nahita sortutako egitura du. Bestalde, eta kontutan edukita EITBren irismena zabalagoa dela kontuan hartuta, txostenean informazioaren ekoizpenera mugatuko gara. Kultura, entretenimendua... eta hauek negozioarekin duten lotura ez ditugu gaur ukituko.

Txostena zergatik orain?
EITBko LABen aspaldian egin nahi izan dugun ariketa da, eta esan bezala ez gara une puntual batera mugatu, baizik eta mahaiaren inguruan eseri eta arazoa errotik aztertu eta proposamen bat landu. Gogora dezagun 2011n Ipar-Hegoa eta Baietz fundazioekin batera albistegien azterketa zehatza argitaratu genuela.

Egoerari aspaldian eman behar zitzaion buelta, jakina, baina gogoeta eta proposamena une interesgarrian egiten dugulakoan gaude. Batetik, parlamentuak bai Zuzendari Nagusia zein Administrazio Kontseilua laster aukeratu beharko dituelako; bestetik, jendartea eta alderdi nagusiak aspalditik EITBren birmoldaketaren beharraz ari direlako. Hau langileon benetako parte-hartzearekin egingo dela espero eta exijitzen du LABek.

LABek gogoeta eta erabaki horietan eragin nahi du, eta bere gogoetaz gain proposamen zehatza aurkezten du. Txostenaren diagnostikoaren atalean albistegiak nola egiten diren azaltzen dugu, eta sistema horrek informazioaren kalitatean duen eragina azaltzen dugu; agenda propioaren beharra ere aldarrikatzen dugu; eta amaitzeko profesionaltasuna eta talde-lanaren beharra eta esku-sartzerik ez egotea jasotzen dugu proposamenean.

Proposamenak berez ez du konponbidea ekarriko, baina bai ziurtatu dezakegu konponbiderik egotekotan gutxieneko horrekin etorri beharko dela. Euskal jendartearen zerbitzura egongo diren albistegi profesional eta kalitatekoak eskaintzen du proposamenak.

TXOSTENA IKUSI...

Etiquetas: