Kreditu aldaketen lanketarako prozedura aldatzeko eskaera eta proposamena

Irungo EH Bildu.- 2015eko Irungo Udaleko kontuen likidazioa egin ostean, apirileko osoko bilkurara kreditu aldaketa bat eraman asmo du udal gobernuak dauden 9 milioi euro inguruko soberakinarekin.

Euskal Herria Bildu udal taldetik behin eta berriro eskatu izan dugu kreditu aldaketen lanketarako prozedura aldatu beharra dagoela, ez baitago inon erabakia ezta adostua horrelako egoerak ematen direnean zein irizpiderekin eta zertara bideratu dirua. Baina oraingoan, ogasun delegatuari eta alkateari eskaera hau egiteaz gain, haratago joan eta prozedura aldatzeko gure proposamena aurkeztu diegu. Modu labur batean hau da planteatzen duguna:

· Baldintzak:
   -Soberakin bezala dagoen diru guztiaren erabileraren inguruan erabaki ahal izatea, udal gobernuak zati bat bakarrik jartzen duelako eskuragarri..

   -Aurrekontu parte hartzaileetatik ateratako proiektuei leku eman ahal izatea.

   -Udal gobernuak egiten duen proposamenen inguruan ahalik eta informazio gehien jasotzea.

   -Ogasun batzordeko udal taldeetako kide guztiek informazio bera jasotzea.

· Kreditu aldaketarako urratsak:
   -Udal gobernuak kreditu aldaketarako bere proposamena aurkeztu eta ogasun batzorde batean azaldu dezala.

   -Udal taldeek aurkeztutako proposamenari zuzenketak/emendakinak edo proposamen berriak egiteko 10 eguneko epe bat irekitzea, eta ondoren delegatuarekin elkarrizketatzeko tartea edukitzea.

   -Ogasun batzorde berri batean egon diren aldaketen berri ematea beste udal taldeek proposamenak aurkeztu ahal izateko.

Guzti honekin gure taldeak helburu argi bat du, udalaren demokratizazioan aurrera egitea. Bide horretan urratsak eman behar direla uste dugu urte luzez egon diren funtzionatzeko moldeak aldatuz.

Honetaz gain, eta 2016ko udal aurrekontuetan eduki genuen jarrerari eutsiz, orduan egindako zuzenketa batzuk ere birproposatuko dizkiogu delegatu jaunari.

Etiquetas: