Epaiketa politikoen aurrean Euskal Herriak bidelagun gaitu!

Bidean da “Epaiketa politikoen aurrean Euskal Herriak bidelagun gaitu!” kanpaina

Duela hilabete aurkeztu genuen Euskal Herriaren Lagunek nazioartean egingo zuten kanpaina. Ordutik, ekimen batzuk egin dira hainbat lekutan: Erroman, Parisen eta Herrialde Katalanetan hain zuzen ere. Guzti hauetan parte hartu du Walter Askapenako Auziperatuak.

Erroman hasi zen kanpaina apirilaren 1ean. Bertan, elkartasun afari batekin eman zioten hasiera ekitaldiei Ex 51 gaztetxean. Apirilaren 2an hitzaldia eman zen Euskal Herriko epaiketa politikoen inguruan. Bertan, Walterrek, Marco Santopadrek, Karlos Garciak eta Uncasobascok hartu zuten parte. Dinamika guzti honi, elkartasunezko kontzertu batekin eman zioten amaiera, non Euskal Herriko El sonido de la metralla, Saskarrak eta Erromako No more lies taldeek parte hartu zuten.

Apirilaren 10 igandean, Nazioarteko Preso Politikoekiko elkartasun Astearen barruan, Euskal Errepresaliatu Politikoekiko “Elkartasun Eguna” ospatu zen, Pariseko Euskal Herriarekiko elkartasun komiteek antolatuta. Bertan, Janine Beyrie, Lorentxa Beyrieren amak, errepresaliatu politikoak aurkitzen diren egoeraz hitz egin zuen. Ondoren, “Desobedientzia: elkartasunetik konpromisora” dokumentala bota zen eta azkenik Walterrek, azken bost urteetan bizitako egoeraren berri eman zuen. Erabilitako lokalean, Luise Michel Espazioan, Euskal Errepresaliatu Politikoek egindako lanen erakusketa bat egin zuten.

Aurreko astean, Herrialde Katalanetan, hainbat hitzaldi eta herri bazkari bat egin ziren. Horien artean, Manresa, Vilanova eta Herrialde Katalanetako unibertsitate komunistan eman ziren hitzaldiak. Bartzelonako Gràcia auzoko La Barraqueta ateneo independentistan, berriz, herri bazkari bat egin zen, non bazkal osteko mahi inguru bat burutu zuten.

Hau hasiera besterik ez da izan, eta Maiatzerako hainbat ekimen daude prestatzen gure lagunak. Horien artean, “Desobedientzia: elkartasunetik Konpromisora” dokumentalaren aurkezpenekin jarraituko dute, hainbat itzaldi izango dira, eta “Basque Lives Matter” kanpainaren barruan salaketa ekimenak egingo dituzte. Denbora aurrera doan heinean hauen berri emanez joango gara.

Gure herriarekiko elkartasunak ez dezala izan etenik!

Etiquetas: