Amnistiaren aldeko manifestazioak Donostia eta Bilboko jaietan

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.- Bi urte pasatu dira Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduko militante talde batek amnistiaren aldeko borrokari berrekiteko konpromisoari heldu zionetik. Ekimen hau martxan jartzea hausnarketa baten ondorio izan zen: lehenik eta behin errepresaliatu politikoen aldeko borrokan hutsunea nabarmena zela ondorioztatu zen, horrek militante hauen borrokaren despolitizazioa errazten zuelarik, askapen prozesuaren kalterako.

Arazo honi gehitzen zaio kartzelan dauden ia 400 euskal preso politikoetatik 100 ingururi praktikan bizi osorako zigorrak diren kartzelaldiak gelditzen zaizkiela eta, gainera, euren borrokaren oinarrian dauden arrazoiek, hots, Euskal Herriaren zapalkuntza nazionala eta sozialak, bere horretan dirautela.

Ez dira gutxi, Herriaren parlamentua kalea dela sinetsita, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak bere jaiotzatik egin dituen mobilizazioak eta ekimenak. Honi esker amnistiaren gaiak gaurkotasuna berreskuratu du eta azken garaietan herri eztabaidaguneetan galdutako tokia hartu du berriz.

Alabaina, gure mugimenduaren apustua ez da tarteka amnistiaren gaia komunikabideetan agertzea, baizik eta Euskal Langile Herriak zapaltzen dituen kale eta esparru guztietara modu etengabean eramatea, kirol esparruetatik kultur esparruetara, ikastetxeetatik lantegietara, lagun kuadriletatik jaietako konpartsetara… Amnistiaren aldeko garrasia Euskal Herriko txoko orotara zabaltzea ezinbestekoa izango da preso, iheslari eta deportatu politikorik gabeko herri askean bizitzea baldin badugu helburu.

Azaroan amnistiaren alde egin genuen manifestazio nazionalean esan genuen mobilizazio hori ez zela helburu bat guretzat, aldarria herri eta auzoetara eramatea erraztuko zigun inflexio puntua baizik. Ordutik areagotu egin ditugu herriz herri eta eskualdez eskualde egindako mobilizazioak, baita herriko jaietan ere, batzuek bidegabekeriak estaltzeko erabiltzen duten “normalizazio” politikoa hautsiz.

Jaiak herriak borrokaz irabazitako esparru askeak izan dira historikoki, adierazpen askatasunaren eta sistemari kritika egiteko eskubidearen gotorlekuak. Hori dela eta, uda honetan jai herrikoietan amnistiaren aldeko aldarria presente egotea dugu helburu eta logika horretan kokatzen dira hainbat herri eta auzotan burutzen ari garen mobilizazio eta ekimenak. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak mobilizazio eta ekimen hauetan parte hartzeko deia luzatu nahi dio Euskal Herriari, eta modu berezian honako manifestazioetan:
  · Donostiako Aste Nagusiko manifestazioa, abuztuak 13 (19:30etan), Boulevardetik.
  · Bilboko aste Nagusiko manifestazioa, abuztuak 27 (19:00etan), Zabalburu Plazatik.
  · Donostiako estropadetako manifestazioa, irailak 11 (13:30etan), Boulevardetik.

ANTOLAKUNTZA ETA BORROKAZ, JO TA KE AMNISTIA LORTU ARTE!

Etiquetas: