Udako kalera martxa

Ezker Abertzaleko KALERA KALERA dinamikak Kalera martxa antolatu du. Preso, iheslari eta deportatuen aldeko ibilbide bat izango da, zortzi etapakoa. Uztailaren 20an hasiko da Gernikan, eta 27an iritsiko da Lakuntzara.

Ekimen honek bi helburu nagusi bete nahi ditu: batetik, gatazkak sortutako euskal errepresaliatu politiko guztiak Euskal Herriko kaleetara ekartzea (bide batez sinbolikoki, preso, iheslari eta deportatu guztiak udako jaietan murgiltzea); eta bestetik, jai-giroaz gozatzea.

Martxak Gipuzkoa, Bizkai eta Nafarroako errepideak eta herriak zeharkatuko ditu. Hauexek izango dira etapak:

 - Uztailak 20, osteguna: Gernika-Busturia-Bermeo (15 km)

 - Uztailak 21, ostirala: Bermeo-Ea-Lekeitio (24 km)

 - Uztailak 22, larunbata: Lekeitio-Ondarroa (14 km)

 - Uztailak 23, igandea: Ondarroa-Mutriku-Deba (11 km)

 - Uztailak 24, astelehena: Deba-Zumaia-Getaria (24 km, Zumaiaraino mendiz)

 - Uztailak 25, asteartea: Getaria-Zarautz-Hernani (13 km)

 - Uztailak 26, asteazkena:Hernani-Anoeta-Ibarra (20 km)

 - Uztailak 27, osteguna: Ibarra-Etxarri Aranatz-Lakuntza (16 km)

Izen ematea
Martxan parte hartzeko izena eman beharra dago uztailaren 10a bitartean. Martxan parte hartzeko txartelak Hazian eskuratu ahal izango dira. Jai-giroa eta presoen eskubideen aldeko aldarria uztartuz, etapa amaiera bakoitzean hainbat kultur ekitaldi izango dira.

KALERA KALERAk martxa igaroko den leku bat aukeratu du ekimena aurkezteko, Zarautz. Hango hondartzan 338 toalla huts jarri dituzte.“Toalla horiek presoen lekukoa hartzen dute, eta helburua da lehenbailehen bakoitzaren gainean preso bat egon dadin eguzkia hartzen eta gure Kantauri itsasoaz gozatzen”, adierazi du KALERA KALERAko Mikel Urdangarinek.

Antolatzaileek dei egin diete herritarrei martxan parte har dezaten, batez ere gazteei. “Kalera Martxa jendez bete behar dugu. Kolektiboari babesa eman behar zaio. Bere eztabaida estrategikoa ia bukatzear dagoenean, sentitu behar dute ezker abertzaleko militantziaren maitasuna eta berotasuna. Barrutik entzun behar dituzte gure urratsen soinuak, askatasunaren urratsak”, gaineratu du.

Ezker abertzalearen dinamikak, azken batean, gatazka politikoaren ondorioak behingoz konpontzeko eskatu nahi du martxa honen bitartez. “Euskal Herrian, gehienok gatazkaren ondorioak behin betiko konpontzearen alde gaude. Konponketak integrala izan behar du. Kaltetuak kalean egoteko eragozpenek desagertu behar dute. Presoak kalera ateratzea Euskal Herria bakean eta askatasunean bizitzeko ezinbesteko urratsa izango da”, Urdangarinen esanetan.

Etiquetas: