Zarautz etorbideko bizilagun kaltetuek Metroak Antiguan kalteturiko ondasunak okupatu aurreko aktak sinatzeari uko egingo diote

Satorralaia bizilagunen mugimenduak deituta, hamarnaka pertsona bildu dira gaur goizean Donostiako Udaletxearen aurrean Metroaren proiektuko Lugaritz-Mirakontxa tartea eraikitzeko ondasunak okupatu aurreko aktak sinatzeko Euskal Gobernuak deitu duen ekitaldia salatzeko. “Denok gara kaltetuak: Metroa gelditu!” zion pankarta hartuta, Eusko Jaurlaritzari eta Donostiako Udalari Metroaren pasantea eraikitzeko izapideak bertan behera utz ditzatela eskatu diegu. Halaber, Zarautz etorbidean kaltetutiko etxebizitzetako emakume batek bildutako jendeari eta komunikabideei azaldu digunez, aktak ez sinatzea erabaki dute: salatu duenez, ez Jaurlaritzako eta ez Udaletxeko inork ez die informaziorik eman obra horrek beren etxebizitzetan izango lukeen eraginaren inguruan, eta joan den astean egindako bizilagunen batzarran etxeetako bizilagunen gehiengoak metroaren aurkako iritzia agertu zuen bestalde, Donostian azpiegitura handi hori eraikitzea beharrezkotzat jotzen ez duelako. Hori dela eta, aktak ez sinatzea erabaki dute.

Satorralaiaren ustez desjabetzapen hauek ez dira bidezkoak, Metroaren Pasantearen beharrizan soziala auzitan dagoelako. Herritarren zati handi bat Metroaren Pasantearen aurka dago, eta desadostasun zabal honi entzungor eginez aurrera jarraitzea onartezina dela uste dugu.

Udalaren jokabideari dagokionean, gai honen inguruan informazioa eta eztabaida publikoa sustatu ordez, metroaren egitasmoak aurrera egin dezan eta herritar guztionak diren eremu publiko garrantzitsuak okupatzeko erraztasunak ematen ari dela salatzen dugu.

Gauzak horrela, gogor salatu nahi dugu erakundeek egitasmo defendaezin honen inguruan bereganatu duten jarrera inposatzailea.   

Bukatzeko, irailak 18 asteleheean, Koldo Mitxelenan arratsaldeko 7etan, “Metroaren Pasanteak Donostia erdialdeko komertzioan eta hiritarrengan lituzkeen eraginak” gaiaren inguruan hitzaldi informatiboa egingo dela iragartzen dugu, eta irailak 26 asteartean Antiguan Herri batzarra deituko da,aurrera begira herritarren erantzuna bultzazteko.

Metroaren Pasantea gelditzeko Satorralaia bizilagunen mugimendua

Etiquetas: