LAB sindikatuaren 9.Biltzar Nagusia martxan da

LABen 9.Biltzar Nagusia abiatu dugu. Maiatzaren 25 eta 26an Gasteizen izango du azken geltokia prozesu kongresualak eta ordura arteko dinamika Euskal Herriko eskualde ezberdinetan garatuko da, gurean ere bai.

Aurtengoa kurtso berezia da sindikatuarentzat, buru-belarri lanean ari gara aro berri bat ireki nahian, datorrena ‘Gure Garaia’ izan dadin, euskal langileon garaia, euskal sindikalgintzaren garaia, Euskal Herriaren garaia.

Gogoeta prozesu oso bat egin dugu, gure eredu sindikala birpentsatzeko erronkarekin. 9. Biltzar Nagusian, orain arteko ibilbidea oinarri hartuta, aldaketa gauzatzeko erabakiak hartuko ditugu. Esku artean proiektu argi bat dugula, gure eskaintza berritzen jarraituko dugu.

Ponentzien prestaketaren ostean, hauen inguruko eztabaida prozesuari ekiteko unea iritsi da. Zentzu honetan, urtarrilaren 19an hasi eta otsaila hasiera arte, eskualde guztietan delegatu eta afiliatuekin batzarrak egingo dira ponentzietan proposatzen diren erabaki nagusiak azaldu eta hauen inguruan eztabaidatzeko.

Oarsobidasoan, hiru herrietan burutuko ditugu aurkezpen saioak:
  - otsailak 13, astelehena, Irunen. 18:30ean LABeko egoitzan (salis etorb 30)
  - otsailak 15, asteazkena, Oreretan. 18:30ean LABeko egoitzan (kortsario ikutza 11)
  - otsailak 23, osteguna, Oiartzunen. 18:30ean Bibliotekan

Berrikuntzak ere ez dira faltako prozesu honetan. Milaka afiliaturen parte hartzea helburu hartuta, haiekiko komunikazio bide berriak zabaldu ditu sindikatuak. Hala nola, parte hartzea erraztu eta biderkatzeko asmoz aplikazio telematiko bat jarri dugu martxan. Baliabide hori ere jada eskura dute afiliatuek.

Etiquetas: