Satorralaiak  Eusko  Legebiltzarreko talde parlamentariei aurrekontuen proiektuan Donostiako metroaren pasanterako diru-partida  kentzeko eskaera  egin  die

Donostiako Satorralaia bizilagunen mugimenduak Eusko Legebiltzarreko talde parlamentariei eskaera egin die Jaurlaritzak 2017 urteko Aurrekontuen proiektuan gure hirian Metroaren Pasantea eraikitzeko asmoz sartu duen diru-partida kentzeko. Zehazki, Jaurlaritzak 2017 urteko Aurrekontuen proiektuan Donostiako  Metro-Pasantearen obra hasteko 4’715 milioi euroko partida bat sartu du, eta datozen lau urteetan aurrikusten dituen “Aurrerako konpromisoak” beste 177 milioi dira. Gure ustez, diru-partida horiek sartzeak ez die inola ere obra horrek lukeen urjentziari edo premiari erantzuten. Horregatik, talde parlamentariei eskaera egin diegu aurrekontuen negoziaketan egitasmo honi bideratu nahi zaizkion diru-partidak ken daitezela eta baliabide horiek une honetan jendarteak dituen benetazko premiei erantzuteko eta lehentasunezkoak diren xedeetan erabil daitezela defendatzeko.

Hain zuzen, Satorralaiak elkarretaratzeak egingo ditu datorren martxoak 16 ostegunean Eusko Jaurlaritzan eta Legebiltzarrean. Hortarako, Gasteizera autobusa antolatzen ari gara. Goizeko 9etan abiatuko da Pio XII Plazatik (ohiko autobús geltokia) eta itzulera Donostiara 14’00etan iristeko egingo du. Autobusaren antolaketa errazteko, aurretik izena ematea eskatzen dugu (telefonoz deituz edota gure helbidera Email bat bidaliz –ikus azpian). Gasteizen goiz hortarako daukagun plana honako hau da:
    - 110’45tik-11’15era, Lakuan kontzentrazioa: Lehenik Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren atarian (Donostia-San Sebastian kalea) ordu erdiko elkarretaratze bat egingo dugu, hain zuzen ere Jaurlaritzak metro pasantearen proiektua gelditzeko eta Donostiak behar duen garraio publikoko ereduaren inguruan prozesu partehartzaile bat irekitzeko egin diren eskaerei orain arte inongo erantzunik eman ez diela salatzeko. Halaber, 8.916 donostiarren sinaduraren kopiarekin lagunduta idatzi bat errejistratuko dugu, Arantxa Tapia buru duen Garapen Ekonomiko eta Azpiegituren sailari erantzun bat eman dezala exijitzeko.

    - 112tik-12’30etara, Kontzentrazioa Eusko Legebiltzarrean: Jarraian 12tik 12’30etara Eusko Legebiltzarraren aurrean ordu erdiko bigarren kontzentrazio bat egingo dugu. Ostegunean Plenoa izango da eta aurrekontuen eztabaidagaia pil-pilean dago. Hori dela eta, Jaurlaritzak Aurrekontuen proiektuan metro pasanterako sartu duen diru-partida kentzea aldarrikatuko dugu. Komunikabideei elkarretaratze honetara dei egingo diegu, 12’15etan prentsari adierazpenak egiteko.

Azkenik, Satorralaia egunotan Dbus-en ekintza informatiboak egiten ari dela informatzen dugu. Ekimen honen helburua metro pasatearen egitasmoak autobús zerbitzuetan planteatzen dituen murrizketei buruz garraio publikoaren erabiltzaileei informatzea da. Jende gehienak ez du metroak Dbus-en eta Lurraldebus-en izango lituzkeen eraginen berri, eta harridurazko nahiz haserrezko erreakzioak ematen ari dira autobús geltokietan informazioa banatzen dugunean. Dbus-eko KURPIL langileen elkarteak hitzaldi informatiboa emango du gai honen inguruan, datorren martxoak 15 asteazkenean, Lugaritzeko kultur etxean arratsaldeko 7etan.

EUSKO LEGEBILTZARREKO TALDE PARLAMENTARIEI:
Jaurlaritzak 2017 urteko Aurrekontuen proiektuan Donostiako Metroaren pasanterako sartu duen diru-partida dela eta, Eusko Legebiltzarreko indar politikoei egiten diegun eskaera:

Kaixo.
Donostiako “Satorralaia” bizilagunen mugimenduaren eskaera honek Eusko Legebiltzarreko talde parlamentari guztiengana heldu nahi du. Zuengana jotzen dugu, Jaurlaritzak 2017 urteko Aurrekontuen proiektuan gure hirian Metroaren Pasantea --hau da, Donostialdeko Metroa deritzon egitasmoaren “Lugaritz-Easo” zatia-- eraikitzeko asmoz sartu duen diru-partida dela eta. Gure ustez, diru-partida hori sartzeak ez dio inola ere obra horrek lukeen urjentziari edo premiari erantzuten. Horregatik, talde parlamentariei eskatzen dizuegu aurrekontuen negoziaketan defenda dezazuen egitasmo honi Jaurlaritzak bideratu nahi dizkion diru-partidak ken daitezela, eta baliabide horiek une honetan jendarteak dituen benetazko premiei erantzuteko eta lehentasunezkoak diren politika sozialetan erabil daitezela.

Zehazki, Jaurlaritzak 2017 urteko Aurrekontuen proiektuan Donostiako Metro-Pasantearen obra hasteko 4’715 milioi euroko partida bat sartu du, eta datozen lau urteetan aurrikusten dituen “Aurrerako konpromisoak” beste 177 milioi dira. Diru-partida hauek Aurrekontuen proiektuan jasota daude “Proiektuak eta lanak metro Donostialdea” izenburupean (ikus Aurrekontuen proiektuan 231 zenbakia duen 5. puntua)

Eskaera hau egiten dizuen bizilagunen mugimendu honen iritziz premiazkoa eta beharrezkoa da Donostiako Metro-pasantearen proiektua gelditzea eta eztabaida sozial zabala irekitzea, Donostiarako gizarte-, ekonomia- eta ingurumen- aldetik jasangarriena den garraio publikoko ereduari buruz. Helburu hori aurrean, Satorralaiak alegazioak eta helegiteak aurkeztu ditu. Hitzaldiak antolatzen ditu Koldo Mitxelena Kulturgunean eta informazio-batzarrak. Postontziz postontzi 80.000 informazio-orri ere buzoneatu ditu hirian. Astero elkarretaratzeak egiten ditu eta hainbat jarduera kalean. Bi manifestazio arrakastatsu deitu ditu eta hainbat arlotan erreferente diren 70 lagun atxiki diren manifestu bat sustatu du metroaren pasantea geldiarazteko. Era berean herritarrak gonbidatu ditu extebizitzetako lehio eta balkoietan banderolak jartzera, proiektuarekiko kontrakotasuna adierazteko, eta herri galdeketa egin dadin eskaera bat bultzatu du, 9.000 donostiarren sinaduren babesarekin. Sinadura guzti horiek Jaurlaritzara ere helarazi ditugu, hain zuzen eskatzeko proiektua geldiaraz dadin eta parte-hartze prozesu bat abian jartzeko. Arartekoan kexa aurkeztu dugu azkenean, herritarren partaidetzarako bideak sistematikoki ixten ari delako Jaurlaritza.

Gure ustez zeharo behar gabekoa den garraio azpiegitura-lan handi horren gaurregungo egoerari dagokionean, aipagarria da metroaren obrak burutzeko helburuarekin Kontxako hondartzan Herri Jabariko itsas-lurrak esleitzeko Jaurlaritzak Gipuzkoako Itsasertz Zerbitzuari egindako eskaerak ez duela joan den irailaz geroztik haren baimenik jaso. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Gorenean administrazioarekiko auzi-errekurtso bat abian da bestalde, joan den abenduaz geroztik, egitasmoan antzematen diren irregulartasunak eta lege-hausteak direla-eta Metro pasantearen Ikerketa Informatiboaren onarpena baliogabetzea eskatzen duena (besteak beste, proiektuaren Ingurumen-Inpaktu Deklarazioa iraungirik dagoelako eta Donostiako metro-pasantearen egitasmoa ez datorrelako bat trenbideen arloko Lurralde Plan Sektorialaren aurrikuspenekin).

Hori denagatik, Jaurlaritzak 2017ko Aurrekontuen proiektuan obra hau hasteko asmoz sartu dituen diru-partidak kentzeko eta afera honetan izaten ari den jarduera zuzentzeko eska diezaiozuen galdegiten dizuegu EAJ-PNV, EH Bildu, Elkarrekin-Podemos, PSE-PSOE eta PPko talde parlamentariei. Azken batean, herritarrek egitasmoa gelditzeko eta gure hiriarentzat berebiziko garrantzia duen gai honen inguruan partehartze prozesu bat abian jartzeko egiten dituzten eskaerak aintzat har ditzan.

Gure eskaera arretaz hartuko duzuelakoan, honen inguruan zuen jarreraren berri emateko eskatu nahi dizuegu (gure helbidera Email bat bidaliz edo telefonoz deituz). Harremanetan segitzeko gonbitea egiten dizuegu, proposamenak trukatzeko nahiz informazio gehiago helarazteko prest gaudelarik.

Agur eta eskerrik asko.

Etiquetas: