20.Korrika Batzorde deia Bidasoaldean

Lagun euskaltzale hori, agur t’erdi:

Jakingo duzunez, aurten Korrikaz gozatzeko aukera izango dugu berriz ere.

2017ko martxoaren 30ean Otxandiotik abiatuko da 20.Korrika, apirilaren 9an Iruñera heltzeko.

Eta hori posible izan dadin, ehunka pertsonak egiten dugu, aurretiaz, hainbeste lan.

Korrikan parte hartzeko moduak askotarikoak eta anitzak dira. Gaurko gutun honen bidez, gurekin bat egin dezazun eskatzera gatozkizu, horretarako Hondarribian, otsailaren 16ean, 7etan AEK Euskaltegian egingo dugun Korrika batzordearen lehen deialdira etorrita.

Bertan 20.Korrikaren nondik norakoak eta gure herrian egingo direnak ezagutzeko aukera izango duzu, eta, horrela nahi izanez gero, herrirako bestelako ekitaldiak proposatzekoa ere bai. Horrez gain, herrian egin beharreko lanak zerrendatu eta banatuko ditugu. Jakin badakigu denok ez ditugula aukera berberak gure ekarpenak egiteko, eta horregatik, hain zuzen ere, konpromisorik gabe etor zaitezen eskatzen dizugu. Bertan entzundakoaren arabera erabakiko duzu, gero, zeure ekarpena zein izan daitekeen; eta, inolako aukerarik izango ez bazenu ere, Korrika geure herrian izango dela ezagut eta zabal dezazun da gure nahia.

Korrikak hasiera-hasieratik aldarrikatu duen bezala, Korrikaren helburuak bete daitezen guztion ekarpena eta ahalegina dira beharrezkoak. Denon parte hartzeaz lortuko dugu Euskal Herri euskalduna eta guztion esku eta oinei esker eraman ahal izango dugu euskararen lekukoa Otxandiotik Iruñeraino. Ahalegin horretan zeure laguntza estimagarria izango dugulakoan, besterik gabe, hurrengo ostegunera arte.
20.Korrika

Zer da KORRIKA?
Korrika Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko ekimen erraldoia da. Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu.

1980an Euskal Herria Oñatitik Bilbora zeharkatu zuen lehen Korrika antolatu zenetik, euskararen alde antolatzen den ekitaldirik jendetsuena eta garrantzitsuenetakoa da. Ordudanik, 19 Korrika eta 37 urte igaro dira. 2017ko martxoaren 30ean hasita, 11 egunez eta gelditu gabe, Korrikak Euskal Herria zeharkatuko du hogeigarren aldiz. Bi
mila kilometro baino gehiago euskararen alde, adin eta mota guztietako milaka partaiderekin, gau eta egun gelditu gabe.

Korrika hasi eta amaitu arte, lekukoa pasatzen da eskuz esku eta kilometroz kilometro korrikalarien artean; lekuko horren barruan, euskaldun ezagun batek Korrika helmugara iristean idatzi eta irakurriko duen mezua gordetzen da, ordura arte sekretupean gordetzen dena.

Ehunka mila lagun izan dira parte-hartzaileak aurreko Korrika edizioetan. Korrikaren inguruan sortzen den mugimenduak Euskal Herriko jendarteak bere hizkuntza berreskuratzearen alde egindako hautua erakusten du. Korrika bi urterik behin Euskal Herriko jendartea astintzen duen gertakari bilakatu da. Ekimenean parte hartzen duen jende-kopuruak gora egiten du etengabe, Korrikaren antolaketan milaka lagun aritzen dira herriz herri eta auzoz auzo eratutako batzordeetan, eta kanpainak irauten duen bitartean, hil batzuk lehenago aurkezten denetik azken eguneko jaia izan arte, ehunka jaialdi, kultur ekitaldi eta abar antolatu ohi dira.

Nork antolatzen du KORRIKA?
AEK-k antolatzen du Korrika. Euskararen berreskurapena eta Euskal Herria berreuskalduntzea xede dituen erakundea da AEK: euskara normaltasunez eta egunerokoan erabiliko duen jendartea eraikitzea, hain zuzen. Hori lortzeko, helduen euskalduntze eta alfabetatzea nahiz hizkuntzaren erabileraren alorrak jorratzen ditu: euskara-eskolak, ikerkuntza, material didaktikoen sorkuntza, irakasleak prestatzeko ikastaroak, kultur ekitaldien antolakuntza, euskara erabiltzeko praktika-jarduerak, lantegi eta erakundeen normalizazio-planen diseinu eta kudeaketa, itzulpengintza- nahiz zuzenketa-jarduerak eta euskararen aldeko kontzientziatze-kanpainak.

Lehen alfabetatze-taldeak 1965 inguruan sortu ziren, eta urte hartan antolatu zen lehen kanpaina. Alfabetatze-taldeak Euskal Herri osoan sortzen ziren neurrian, agerian geratu zen euskara ez zekien euskal herritar multzo handi horri euskara irakasteko beharra. Horixe izan da AEKren urteotako zeregin nagusia. Halaxe sortu ziren, Euskaltzaindiak bultzatu eta babestuta, gau-eskola izenekoak eta, geroago, euskaltegiak.

Gaur egun, AEK helduen euskalduntze-alfabetatzean aritzen den elkarterik garrantzitsuena dugu eta, administrazio-banaketak gaindituz, Euskal Herri osoan lan egiten duen bakarra. Horretarako 500 kide baino gehiago; euskara eskolak ematen 100 euskaltegi eta gau-eskola baino gehiagotan banatuta, normalizazio planak bideratzen laguntzeko zerbitzua, erabilera bultzatzeko programak, itzulpen zerbitzua eta AIZU! aldizkaria, besteak beste.

Aurreko Korrika amaitu zenetik, jendartearen bultzada nabarmendu nahi dugu; alde batetik, euskahalduntzeko deiari kasu eginda, euskaraz bizitzeko hautua irmoagoa da; bestalde, herritar gehiago hurbiltzen ari da euskaltegietara. Administrazioari dagokionez, euskaltegiei bideratutako baliabideak oraindik ez dira nahikoak. EAEn egoera normaldu gabe dago, urratsak eman badira ere; Iparraldean laguntzak handitzen joan dira, baina ez helduen euskalduntzeak behar duen beste, eta; Nafarroan, urte beltzen aroa amaitu bada ere, oso urrats txikiak eman dira oraingoz. Euskal Herri osoak behar-beharrezkoa duen helduen euskalduntzea bizkortzea eta inbertsioak areagotzea ezinbestekoa da. Hori dela eta, 20. Korrikak jasoko duen dirua Euskal Herri osoko bere euskaltegiak laguntzeko erabiliko du AEK-k.

Omendua
20. Korrikak Korrikaren sortzaileak proposatu ditu omentzeko, Korrikaren ideia saritzeko. Zergatik Korrikaren sortzaileak? 1980an sortu, eta Korrikak 20. edizioa beteko du. Garai hartan ideia zoragarri bezain eroa izan zuten horiei esker, Korrika euskararen

aldeko ekintzarik handiena eta parte-hartzaileena bihurtu da.

AEK-k antolatuta, egun Korrika euskalgintza, euskal kultura eta euskararen erreferentzia bihurtu da; eta, gainera, atzerrira ere esportatzen da.

Badira 37 urte Korrika jaio zela, AEK-ko eta AEKtik kanpoko hainbat lagunen ekimenez. 1980ko lehen Korrika hark Euskal Herria euskalduntzea zuen helburu. Oraino ere bere horretan jarraitzen du xede horrek, bizirik, pil-pilean, euskarak oraindik ez duelako egoera normaldua bizi; baina, era berean, AEK-k lekuko hori ez duelako geldirik utzi eta, Korrikaz Korrika, Euskal Herriko txoko guztietara zabaldu nahi izan duelako euskararen aldarria.

Horregatik guztiagatik, 20.Korrikak omendu nahi ditu orain dela 37 urte Korrikaren lekukoa eskuz esku abiarazi zuten haiek. Korrikak batu egin gaitu, batu egiten gaitu eta batu egingo gaitu.

Nola hartu parte?
  - Antolaketan parte hartuz
Zure herrian edo auzoan eratuko den Korrika Batzordean parte hartuz. sare sozialetan parte hartuz. Korrika kulturalak antolatuko dituen ekitaldietan parte hartuz.

  - Diruz lagunduz
Korrikan bertan parte hartuz Korrika laguntzailea eginez 20. Korrikak ateratzen duen materiala erosiz. Korrikalarien peto edo bizkarrekoa hartuz, aurretiaz, AEKren edozein euskaltegitan zein Korrika dendetan, edo Korrika igarotzen den egunean bertan. Herriz herri egingo den Korrikaren aldeko diru-bilketan lagunduz, edo Korrikaren izenean Euskadiko Kutxan zabaldu den kontu korrontean nahi den ekarpena eginez (3035 0072 02 0720037810).

  - Korrikaren berri emanez eta bere ospea hedatuz
Korrikaren webgunea bisitatuz (www.korrika.eus) eta Korrikaren aldeko sare sozialetan parte hartuz. Korrika kulturalak antolatuko dituen ekitaldietan parte hartuz.

  - Korrikan bertan parte hartuz
20. Korrikaren hasieran eta amaieran parte hartuz: zatoz Otxandiora martxoaren 30ean eta Iruñera apirilaren 9an!

Bizkarrekoa jantzita korrika eginez; euskara ikasi, hitz egin eta euskaraz bizi nahi dugula erakusteko.

  - Enpresa eta saltegientzat
Korrika iragartzeko aterako diren euskarriak babestuz. Korrikalaria eskuratuz, zein Korrika laguna eginez. Kilometroak eskuratuz. Parte hartzeko modu hau erabili nahi dutenek Korrikaren bulegoetara jo dezakete.

Etiquetas: