Garapen Ekonomikorako Plan Estrategiko berria sortzeko lanean ari da Bidasoa bizirik eta eskualdearen diagnostikoa egitea izan da lehen urratsa

Bidasoa bizirik, Bidasoa eskualdearen garapen ekonomikorako agentzia, Eskualdeko Plan Estrategikoa sortzeko lanean ari da. Agentziaren lan politikak era zehatzago eta eraginkorrago batean zuzentzen lagunduko du planak.

Zergatik plan estrategikoa?
Eskualde mailako plan estrategikoa egin zen 1993an, eta beranduago, udal mailako beste batzuk egin izan dira. Azken urteotan, eskualdearen etorkizunerako ideia zehazteko beharra antzeman da, interes orokorrak eta banakakoak partekatzeko, garapen ekonomiko handiago bat lortzeko helburuak bilatzeko, identitate ezaugarriak topatzeko, etengabeko aldaketetara egokitzeko eta eskualdea kanpora irekitzeko, aukerak aprobetxatzeko.

Horretarako, lehen pausoetako bat izan da eskualdearen egoera ekonomikoaren diagnostikoa eratzea. Lan horretan, datu estatistikoak eta dokumentalak aztertu dira. Dagoeneko, txostena Bidasoa bizirik-eko Administrazio Kontseiluaren esku dago. Dokumentu horretan oinarrituta, helburu zehatzak finkatuko dira, agentziaren birformulazioa ahalbidetuko duen plan estrategikoa sortzeko. Lau hilabeteko lana izango da, arlo ezberdinak kontuan hartuko dira, eta gai ezberdinak jorratuko dira. Datozen urteetan jarraitu beharreko lan ildo eta helburu berriak markatuko ditu plan estrategikoak.

Sei eremu handitan banatua dago diagnostikoa. Horietan, Bidasoko egoera aztertzen da.

Ondorio nagusiak
Eremu bakoitzean, ondorio nagusien multzo bat dago:
  1.-Biztanleriaren ezaugarri nagusiak
Biztanleriaren joera goranzkoa da oraindik, eta hazkunde begetatiboa, Gipuzkoakoaren eta Euskal Autonomia Erkidegokoaren gainetik dago. Gazte gehiago dugu eskualdean, eta atzerritarren tasa handiagoa ere bai. Nabarmentzekoa da biztanleriaren formazio ona, eta hezkuntza eskaintza handia, zabala, integrala eta anitza. Lurraldeko gainerako eskualdeetan bezala, prestazio motaren bat jasotzen duen biztanleriaren kopuruak gora egin du.

  2.-Enplegua eta kontratazioa
Kontuan hartu behar da, inguruko lurraldeekin alderatuta, gure eskualdeak langabezia tasa handiagoa duela, historikoki. Krisiaren eraginez, %18raino igo zen langabezia tasa 2013an. Azken urteotan behera egin du nabarmen, eta 2016ko abenduan %12,9koa izan da. Eskualdeko enpresetan Gizarte Segurantzan izena emanda dagoen langileen kopurua ere errekuperatu egin da, eta 23.052 pertsonakoa da. Zerbitzuen sektorea da nagusi, kontratuen %81ekin.

  3.-Enpresen sarea
Analisiaren arabera, establezimenduen kopuruak behera egin duen arren, enpleguen kopuruan indar handia du oraindik. Izan ere, ia 25.000 lagun eskualdeko enpresetan ari dira lanean (%83 Irunen, eta %17,5 Hondarribian). Enpresen sarean, enplegu bat edo bi sortu dituzten enpresa txikiak dira nagusi (%76). Zerbitzuetako jarduera azpimarratzekoa da (%72), lurraldeko gainerako eskualdeetakoa baino tasa handiagoarekin. Azken urteotan, jarduera ekonomiko berrien sorkuntzan kopuru baikorrak antzeman izan dira. 2015ean zehar, lizentzia berrien kopuruak (2125), itxieren kopurua gainditu zuen (2088).

  4.-Sektore ekonomikoak
Ondorengo sektoreak aztertu izan dira:
    - Turismoa: establezimenduen kopuruak, eta eskainitako tokienak, gora egin dute. Eskaintza turistikoa emendatu da bereziki, okupazio handi batekin. Hondarribiak eskaintzen du establezimenduen %60, eta tokien %61.
    - Merkataritza: merkataritza jarduera Irunen kontzentratua dago bereziki (1070 komertzio), oso dentsitate komertzial handiarekin, inguruko eta lurraldeko beste hiriekin alderatuta. Merkataritza eskaintza anitza da, familia negozioetan oinarritua, batez ere (%86).
    - Lehen sektorea eta tokiko ekoizpena: ez du pisu handirik, zer edo zer gehiago Hondarribian (%6,2). Salmenta zuzena duten baserrietako 44 ekoizle daude, eta zenbait abeltzaintza ustiategi. Nabarmenena, Hondarribiko arrantza jarduera aipagarria da (25 ontzi).
    - Garraioa eta logistika: Sektoreko ia 600 enpresa daude eskualdean, gehienak errepideko garraioari lotuak (%60). Ia 3000 lagun ari dira sektorean lanean.
    - Industria: Gipuzkoakoarekin alderatuta, industria jardueraren pisua txikiagoa bada ere, enpresen kopuruan eta eskualdeko enpleguan duen eragina nabarmentzekoa da. Industriako establezimenduen kopuruak %10,5 egin du gora 2010 urteaz geroztik, eta jarduera ugarienak produktu metalikoekin lotutakoak dira. Enpleguan duen eragina esanguratsua da, 3271 lagun ari baitira sektorean lanean (guztien %14). 14 gunetan banatua dago jarduera, eta gehienak Irunen daude. Okupazio indizea oso handia da.
    - Berrikuntza eta industria sortzaileak: Bidasoko enpresek egin duten ahalegina handia izan da, 2014an 34,4 milioi eurora iritsi delarik. Eskualdeko 575 enpresa daude industria sortzaileen sektorean, goranzko bidean dagoen sektorea da, beraz. Enpleguan duen eragina ere handitu da (%2,5 egin du gora 2010 eta 2015 artean).
    - Zerbitzuak enpresei: Azken bost urteetan %10 handitu da, 1151 lagunentzako enplegua sortu duelarik. Sektore honetan, enpresen gehiengoak harremana du arkitektura eta ingeniaritza zerbitzuekin (%23) eta jarduera juridikoekin eta kontabilitatearekin lotutakoekin (235).
    - Zerbitzuak pertsonei: Gero eta gehiago dira sektore honetako enpresak. Guztira 361 establezimendu dira, 2010ean baino %6 gehiago. Osasungintza orokorreko edo espezializatuko aholkularitza zentroek eta odontologia zerbitzuek sektorearen %71 ordezkatzen dute. 1400 lagun baino gehiago ari dira sektorean lanean.

  5.-Eskuduntza markoa
Agentziaren ekintza esparruak zehazten ditu atal honek. Aurreko puntuko sektore ekonomikoekin bat egiten dute baina lurralde eremu estrategikoak ere kontuan hartzen ditu, mugaz gaindiko lankidetzaren ikuspegitik: Eurohiria, Gipuzkoa, Akitania-Euskadi euro eskualdea, eta Europa.

  6.-Hiri inguru ekonomikoa
Inguruko azpiegitura garrantzitsuak hartzen dituzten guneak zerrendatu dira:  Ficoba, Zaisa, Mondragon Uniberstsitatea, Kunsthal. Bestalde, enpresa guneak, sare komertziala, El Espazio bulegoa eta Irun Factory aipatu dira.
Hiri garapenerako proiektuak ere bildu ditu dokumentuak, etorkizunean tokiko ekonomian izango duten eragina kontuan hartuta: Zubieta-Urdanibia Garapena, edo trenbide gunearen berrantolaketa.

Etiquetas: