Otsailak 13 Ilunetan ez ahazteko, egia argira

OTSAILAK  13

“Goizeko 4ak aldera bota zuen nire etxeko atea Ertzaintzak, handik kalabozora. Argi utzi zidaten hasieratik beraien asmoa”.

Otsailaren 13a beti oso latza dela ikusi dugu Joxeren gorpu ubelduan, Joxean eta Joxiren lur azpiko hezurretan. Unairen aurpegian, Nekaneren telefono deian, Itziarren gutunean, Igor eta Mattinen ospitaleko argazkian. Presente dago ezabatutako muraletan, Herri honen historia liburuetan.

Ez dago presente ordea, mahai gainean. Batzuen hautsez betetako apaletan gorderik dago oraindik. Memoria eta justiziaz ahoa betetzen duten demokraten apaletan. Hamarkada askotatik itxita dauden apal bertsuetan. Zirrikitutik errealitatea sartu nahi arren, giltzaz itxita duten apal horietan.

Euskal Memoriak egindako ikerketa lanean 5.500 tortura kasu probatu zituzten pasadan urtean. Euskal Herriaren historian egondako atxiloketen %78n emandako tortura kasuak probatu dituzte. Badakigu ordea, gehiago gertatu zirela eta horietako asko historiaren ilunetan gelditu direla.

Zenbaki hauek ez dira Urkulu eta Jonan Fernandezen txostenetan agertzen. Tortura sufritu dutenak bigarren edo hirugarren mailako “biktimak” dira. Lehenak, nola ez, betikoak. Memoriaren liburua falta diren pasarteekin idatzi nahian dabiltza, beste behin ere.

Pasaden urteko Urkulu demokrataren hitzek ez zuten aparteko zalapartarik sortu, ez behintzat EiTBn. “¿Es lo mismo tener de pie a una persona en un interrogatorio o lo que puede ser la práctica de la bolsa o la práctica de electrodos? No, no es lo mismo”.  Torturan katedraduna dugu, zer bai eta zer ez.

Urkuluk ez du zertan titulurik behar ordea. Horretarako dauka bere armada propioa, herritarron zaintzaz arduratzen direnak. PNV, PSE eta PPren babespean (Espainiaren morroi) inpunitate osoz jipoitu gaituzte txapel gorriek urte luzez. ZEN planak asmatu, Bilboko kaleetan tanketak sartu, eguneroko kargak, herri harresiak apurtu…Ertzaintzak milaka eta milaka herritar torturatu, atxilotu, mehatxatu, bortxatu, jazartu eta jipoitu ditu. Eta hau ikusi edo kontatu nahi ez duenak berak jakingo du zergatik ez duen nahi.

Gaur egun memoriaren bataila inoiz baino goriago dago. Ahanzturan eta bazterrean utzi nahi dute Herri honen askapen borrokaren historia. Distortsionatua, bortxatua eta kriminalizatua. Askapen borroka garaitu dutenaren mitoa daukate titulartzat.

Guk ordea etorkizunez betetako memoria daukagu. Pasartez pasarte eta esaldiz esaldi gabiltza iraganetik oraina eraikitzen, etorkizun hobe baten bila. Hautsez betetako apaletatik at, gure egunerokoan jarraitzeko hautua egina dugu.

Otsailak  13an Sortuk Bilbon deituriko manifestazio nazionalean parte hartzeko deia egiten diogu euskal gazteria. Stop tortura, Euskal Herria kalera!


Etiquetas: