Preso eta iheslariak etxerako bidean jartzearen aldeko IREKI lan munduko ekimenak lantokietatik kalerako saltoa egingo du

Ia lau hilabete IREKI abrir ouvrir ekimena aurkeztu genuela. Denbora honetan IREKIk poliki poliki  bere zioak, zereginak han eta hemen azaltzen joan da, ekimenarekin bat egiten duten langileekin sarea osatzen. Urriko hasiera hartan adierazi genuen gure nahia zela eskualde eta herri mailan saretzen joatea, eskualde eta herri bakoitzak bere plangintzak izatea, bakoitzaren agenda propioarekin jardutea.

Sarea jostea hasieran pentsatu genuena baino gehiago kostatzen ari zaigu, IREKIk egiten duen proposamenak aurrera egin ahal izateko txinaurri lana egin behar dugulako, langileak banaka interpelatzen ari baikara, eta honek sekulako ahalegina eskatzen du.

Lan zentroetan hasi ginen, lan zentroetan jarraitzen dugu, baina horrekin batera beste langileengana jotzea erabaki dugu, ohiko lan zentroetatik at milaka langile baitago: etxeko zein zaintza lanetan jarduten duten emakumeak, autonomoak, kooperatibistak, langabetuak, etorkinak, pentsionistak, lan merkatuan sartu nahian edota sartu/irten ari diren gazteak, … Denon beharra dugu euskal presoak, iheslariak eta deportatuak etxerako bidean jartzeko.

Dagoeneko 20.000 sinadura bildu ditugu. Oraindik ipinitako helburutik urrun bagaude ere, hilabete hauetan eginiko lanak bere emaitza izango duela, eta gutxika gutxika gure helburura hurbiltzen joango gara. Izan ere, IREKIren arazoa ez dago lan zentroetan, lan zentroetan langileek bat egiten baitute ekimenarekin; arazoa dugu lan zentroetara iristeko, orain arte ehundako sarea nahikorik ez delako. Horregatik berriro ere deia egiten diogu euskal langileriari IREKIrekin harremanetan ipintzeko (ireki@ireki.eus), lan zentro gehiagotara iritsi ahal izateko, lan zentroetatik kanpo dauden langileengana ailegatu ahal izateko, gure herriko kaleetan IREKIren kartelak, pankartak eskegitzeko, …. Denok gure aletxoa ipini dezagun, aldamenekoak anima ditzagun, langileon presioaz giltzarrapotzar hori IREKIko dugulako.

Gure ekimenari helburu kuantitatiboak zein kualitatiboak jarri genizkion. Bietan aurrera urratsak ari gara ematen. Kuantitatiboak, 150.000 sinadura lortzea, eta kualitatiboak aldiz, lan munduaren agendan gaia txertatzea.  Emeki emeki EHn martxan diren ekimen ezberdinez lortzen ari gara preso, exiliatu eta deportatuen afera denon agendan txertatzea, egoera honi denon artean erresoluzioa eman behar diogula bisualizaraztea..
Gure ortzemugan ekainaren 17ko data dugu, egun horretan IREKI dinamikak emandakoaz adiraztearekin batera, langileok kalera aterako baikara preso, iheslari eta deportatuak etxerako bidean jartzeko.

IREKI abrir ouvrir

Etiquetas: