Donostiako “Satorralaia” bizilagunen mugimenduak elkarretaratzeak egin ditu gaur Gasteizen Eusko Jaurlaritzaren eta Legebiltzarraren aurrean, gure hirian zeharo behar gabekoa eta desadostasun zabala pizten duen Metro bat eraikitzeko proiektua geldiaraztea eskatzeko. Jaurlaritzak berak 2013an “obra faraonikotzat” jo zuen egitasmo hau. Gasteizera joateko autobusa antolatu dugu eta 50 lagun inguru bildu gara. Satorralaiako kideez gain, Donostiako hainbat bizilagun eta Dbus-eko KURPIL eta LABeko langile talde handi bat ere elkartu gara.
Lakuan 8.928 sinaduren entrega
Lehenik Lakuan kontzentratu gara, Eusko Jaurlaritza herritarren partaidetzarako bideak sistematikoki ixten ari dela salatzeko. Halaber, 8.928 donostiarren sinadura entregatu ditugu, Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko eta Azpiegituren sailburuari zuzendutako idatzi batekin lagunduta, hain zuzen ere metroaren proiektua gelditzeko eta Donostiak behar duen garraio publikoko ereduaren inguruan prozesu partehartzaile bat irekitzeko egin diren eskaerei erantzun bat eman dezala exijitzeko (Arantxa Tapia sailburuari zuzendutako idatzia atxikita bidaltzen dizuegu). Izan ere, Jaurlaritzak ez die orain arte inolako erantzunik eman proiektua gelditzeko eta herritarren partehartzeari bideak irekitzeko egin diren eskaerei. Hori dela eta, “DONOSTIAKO METROAREN PASANTEARI EZ! ¡NO HAY PARTICIPACION, ES IMPOSICION!” dioen pankarta bat zabaldu dugu Lakuan.
Legebiltzarrean kontzentrazioa eta eztabaidagai diren Aurrekontuetatik Metroaren diru-partidak kentzeko eskaera
Jarraian, Floridako parkean atseden bat egin ondoren, Legebiltzarraren aurrera eraman dugu protesta, Jaurlaritzak 2017 urteko Aurrekontuetan Donostiako metroaren egitasmorako sartu dituen diru-partidak kentzea aldarrikatzeko eta baliabide horiek une honetan jendarteak dituen benetazko premiei erantzuteko eta lehentasunezkoak diren xedeetan erabil daitezela eskatzeko. Izan ere, Donostiako metroari bideratu nahi zaizkion dirutza horiek –batetik 4’7 milioi euro dira aurten obrak hasteko, eta bestetik 177 milioi konprometatzen ditu datozen lau urteetarako-- ez diote gure ustez obra horrek lukeen premiari edo urjentziari erantzuten. Horregatik, talde parlamentariei ere eskaera hori defenda dezaten galdegin diegu. Elkarrekin-Podemos eta EH Bilduko talde parlamentarietako zenbait ordezkari elkarratetaratzera bildu dira eta gure eskaerarekin bat eginez metroaren proiekturako bideratu nahi diren diru-partidak kentzea eskatzeko enmendakinak sartuko dituztela informatu dute Legebiltzarreko elkarretaratzean “DONOSTIAK EZ DU METRORIK BEHAR! LAS PARTIDAS DEL METRO EN DONOSTIA PARA GASTOS SOCIALES!” dioen pankarta bat zabaldu dugu.
Bizilagunen mugimendu honek datorren astean Donostiako auzoetan informazio banaketa astea antolatu du eta apirilaren 1ean manifestazioa deitu du Donostian, Metroaren pasantea gelditzeko eta Donostiarentzat garraio publikoko eredu egokienaren inguruan herritarrek debatitzeko eta erabakitzeko aukera izan dezaten eskatzeko.
Donostiako metroaren pasantea gelditzeko Satorralaia bizilagunen mugimendua
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1021 irakurketak
- Castellano