Pertsona ekintzailearen egunaren harira, promozio jarduera ezberdinak antolatu dituzte Irungo eta Hondarribiko udalek, Bidasoa bizirik-en bidez, eta Tknika, LHII Bidasoa, IES Plaiaundi eta IES Irungo La Sallerekin batera. Gaur hasi da ekimena Plaiaundi Institutuan, eta bihar, Bidasoaren eta Irungo La Salleren txanda izango da.
Bidasoa bizirik-eko Ekintzailetza eta Autoenplegu Departamentuak 15 urte baino gehiago daramatza Eskualdeko Lanbide Heziketa Zentroekin lanean, izaera ekintzailea sustatzeko eta ekimen ekintzaileen garapena babesteko.
Orientazio, aholkularitza, informazio, tutoretza tekniko eta formazio zerbitzuak eskaintzen dira hemen, kultura ekintzailea eta enpresen sorrera sustatzearekin lotuta.
2016an zehar, 682 pertsonarekin lan egin izan da. Haiekin, 330 enpresa berriren sorrera landu eta babestu da.
Ekintza horien artean daude Krea Bidasoa azoka eta Pertsona Ekintzailearen Eguna. Azken hori, eskualdeko LH zentro guztiekin elkarlanean egin da, lehen aldiz.
LH zentroetan izaera ekintzailea sustatzeko, kolaborazioa eta kooperazioa indartzeko helburuarekin sortu da “2017ko Pertsona Ekintzailearen Eguna”. Aurten, gainera, Tknika Euskadiko LH zentroentzako berrikuntza guneak parte hartu du.
Ehun ikasle baino gehiago aritu dira gaur Plaiaundin, eta biharko aurreikuspenak antzekoak dira, Bidasoa zein La Salle institutuetarako.
Jarduera ezberdinak burutzen ari dira Plaiaundi Institutuan
Goi mailako graduetako zazpi espezialitateetako bigarren mailako ikasle bakoitzak egindako proiektuak partekatuko dituzte mahai birakarietan.
Era berean, ikasle ohiek eta enpresek haien esperientzia aztertuko dute mahai inguruetan, xehetasunez. Formazio akademikoan zein hobekuntza proposatuko luketen ere hausnartuko dute.
KREAko ThinkLab jardueran garaile izan zen proiektuaren aurkezpena ere egingo da. Goizeko 11:00etatik aurrera, photocall bat jarriko dute. Haren helburua da parte hartzaileak egindako ekintzak zabaltzea eta sare sozialetan hedatzera animatzea.
Irungo La Salleren eta Bidasoa Institutuaren txanda izango da bihar
Bidasoa bizirik-eko Ekintzailetza eta Autoenplegua Departamentuak aurkezpen bat burutuko du Bidasoa Institutuan. Ekintzailetzari buruzko bideo bat proiektatuko da, eta azkenik, solasaldi bat egongo da, Institutuan sortutako enpresen ordezkariekin. Erdietsitako lorpenei eta bidean topatutako oztopoei buruz hitz egingo dute.
La Sallen, zentroko egungo ikasleen eta enpresak sortu dituzten ikasleen ohien arteko topaketak egongo dira. Gazte ekintzaileen testigantza zabaltzea eta ikasleei helaraztea da asmoa.
La Sallen zein Bidasoa Institutuan, Plaiaundin bezala, photocall bat kokatuko da, burututako ekintzak sare sozialetan zabaltzeko.
Lehiaketa sare sozialetan
Sare sozialek garrantzi handia izan dute antolatutako beste ekintzetako batean: “PAUSO TXIKIEK BIDEA EGITEN DUTE: ELKARBANATU ZURE PROIEKTU EKINTZAILEA ETA IRABAZI” lehiaketan, hain zuzen ere. Haren helburua izan da sare sozialen bidez, ekintzailetzaren inguruan eskualdeko Lanbide Heziketa zentroetan egiten den lanari balioa ematea eta zabaltzea.
Ekintzailetzarekin lotutako lanak eta esperientziak elkarbanatu ahal izan dituzte ikasleek, irudien bidez, Twitter, Facebook eta Instagram sare sozialetan.
Parte hartzeko, #ekintzailetza17 hastag-a eta haien formazio zentroarena (#fpbidasoa, #iesplaiaundi o #irungolasalle) erabili behar izan dituzte. Irabazle bana egon da zentro bakoitzeko, eta zozketa bidez hautatu da, baldintzak bete dituzten parte hartzaileen artean.
Proiektu komuna
Helburua da Bidasoko LH zentroetako gazteek burututako proiektuak erakustea, modu bateratu eta elkarbanatuan, ikasleek eta irakasleek egindako lana aitortua izan dadin. Era berean, jarduera ekintzaileari balioa ematea eta gazteek ekintzailetza etorkizuneko lan aukera gisa ikus dezaten eragitea da asmoa.
Azken finean, ahaleginak batu nahi dira, estrategia bateratua garatzeko, Bidasoko pertsona ekintzailearen egunak indarra har dezan. Gainera, pertzepzio soziala hobetzea eta jarduera ekintzaileari balioa ematea ere bilatzen da.
“Bidasoko LH Zentroetan Izaera Ekintzailea Sustatzeko Programa”ren baitan dago ekintza, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako Departamentuaren finantziazioa jaso du.
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 809 irakurketak
- Castellano