Euskal Herria eta Katalunia dantzaz loturik

Ostegunetik aurrera Irungo Kemen dantza taldeko Adaxkako dantzariak eta Kataluniako Les Preses herriko Marboleny taldeko dantzariak eskualdean izango ditugu.

Pasa den astean, Adaxkako dantzariak Les Preses herrian izan ziren Euskal Herriko kultura dantzatua bertan zabalduz. 30 dantzari gaztek parte hartu zuten elkatruke honen lehen zatian. Orain berriz, bigarren zatiari heltzeko ordua da.

Ostegunean, uztailaren 20an, Marboleny dantzariak Irunera iritsiko dira. Gau horretan bertan, Kemen dantza taldeko dantzari helduek dantza saioa eskainiko dute Hondarribiako Santa Maria Madalenan, arratsaldeko 20:00etan.

Ostiralean berriz, dantzari gazteen txanda izango da. Arratsaldean zehar Adaxka eta Marbolenyko dantzariak Hondarribiko kaleetan zehar ibiliko dira kalejiran eta ondoren, 19:00ak aldera, dantza saioa eskainiko dute Santa Maria Madalenan.

Larubatean berriz, bi herrien arteko erromeria gidatua izango da Irungo San Juan plazan, 18:00etatik aurrera. Gerturatzen den guztiak bai Euskal Herriko zein Herrialdeko katalanetako plazako dantzak ikasi eta dantzatzeko aukera izango du.

Bi herri dantzaz batu nahi izan ditu Kemen dantza taldeak ekimen honen bidez. Azken urteotan 4. aldiz antolatu dute elkartrukea, eta Marbolenyko dantzariak bigarrenez izango dira gure eskualdean.

ADAXKA - Kemen Dantza Taldea

Etiquetas: