Estibako lanpostuen defentsan

Datorren  ostiralean,  otsailak  24,  Espainiako  Gobernuak  Errege  Dekretu  bat  erregistratuko  du.  Hura azkenean erregistratu eta zirriborroan agertzen diren baldintzak onartuko balira, milaka lanpostu suntsituko lirateke eta sortuko liratekeen berriak erabat kaskarrak eta prekarioak izango dira. Jarduerari eutsi behar
zaiola  ez  da  ezbaian  jartzen,  ez  da  eztabaidatzen  portuetan  diharduten  enpresek  irabazten  dituzten izugarrizko mozkinez; honek ez du krisialdiarekin zerikusirik, portuetan ez delako beste sektoretan beste sufritu.

Errege Dekretu hau Europako Batasunaren Auzitegiak ebatzi duen ebazpen batean babestuz, Zamaketa sektorean diharduten milaka langileak masiboki egotzi nahi dira, gero, beste langile batzuekin eginkizunari eusteko, eta batzuetan, gaur egungo langile berberekin aritzeko, baina baldintza kaskarrago batzuez.

Askotan  aipatzen  dira  zamaketarien  ekonomia baldintzak,  baina  ez  da  inoiz  aipatzen  enpresen  egoera ekonomikoa  lege  aldaketa  hau  eragiten  duen eragozpen  gisa,  zeinak  langileen  egungo  kudeatze erregimena, gehien bat, ezabatzea dakarren.

Langileria are txiroagoa nahi dute; oraingoan langile hauei egokitu zaie unea. Erreformen bidez, hauen helburu  bakarra,  gutxi  batzuen  esku  ahalik  eta  mozkin  gehien  pilatzea  da,  eta  aberastasun  banaketa handiagoa ematen zen horretan, beharrezkoa gertatzen bada, legeak egingo dituzte hura eraits dadin.

PPren gobernuak legeak egin nahi ditu sektore oso bateko iraizpena legeztatzeko: enpleguak erregulatzeko espedienterik gabe, kontsultak egiteko aldirik gabe eta kalte ordainen ordainketa funtsa publikoen kontura eginez, portuetan lan egiten duten enpresa pribatuei kalte ordainak ordaindu beharraz ere salbuesten zaie. Hortaz, oraingoan ere, altxor publikoari egiten zaion lapurreta berri baten aurrean gaude.

2008.  urtean  amaitu  zen  Zamatze  lanak  pribatizatzeko  prozesua,  oso  emankorra  den  sektore  berria pribatizatu da. Egungo egoera finkatzeko bide osoa egin dute.

LABek arbuiatzen du Errege Dekretu hau eta Parlamentuan ordezkatuak dauden euskal alderdiei eskatzen diegu  errefusatu  dezatela.  Santurtzi  eta  Pasaiako  portuetako  langileei,  nahiz  Ezkerraldeko  eta Oiartsoaldeko ekonomiei bete betean eragiten die.

Horrengatik,  LABek  eusten  dio  “berton  lan,  berton  erabaki”  esaldiari;  helburu  horretan,  beharrezkoa deritzagu,  Gernikako  Estatutua  sinatu  eta  38  urte  igaro  diren  honetan,  euskal  portuetako  kudeaketa transferitzeari,  berriki  sinatu  den  sindikatuen  arteko  itunaren  babesean,  Euskal  Herrian  bertan,  lan
baldintzak adostu ditzagun.

Azkenik, LABek, ostiral 24an, goizeko 11:00tan Pasaia  eta Santurtziko estibaren aurrean egingo diren mobilizazioetan parte hartuko du, eta langile guztiak animatu nahi ditu lanpostuen alde borroka daitezen.

Etiquetas: