Kantauri ponentzia Ernaik abiatutako eztabaida prozesuan

Kantauri ponentzia Ernaik abiatutako eztabaida prozesua elikatzera bidean sortutako idazkia da, zeinaren helburu nagusia, fase konkretu honetan eskainitako eztabaida markoak baliatuz, ikuspegi ezberdin bat plazaratzea den. Bide horri ekinik, ezinbestekoa iruditzen zaigu, ideien konfrontaziorako espazio erosoa eratu asmoz, geure buruaren aurkezpen argi bat egitea: Kantauri Hego Euskal Herriko leku ezberdinetako gazteok osatu dugu; ideia, kezka edota pentsamendu bertsuek batu gaituzten gazteak, alegia. Militantzia eredu eta jatorri politiko oso ezberdinetatik gatozen pertsonak gara; bagaude, egun, Gazte Antolakundean militatzen dugunok, Gazte Antolakundeko militante ohiak zein herri mugimenduko hainbat eragiletan gabiltzanok. Irmotasunez eta ilusioz, hilabeteak iraun dituen eztabaida prozesu luze bati ekin genion. Horren emaitza da, honenbestez, eskuartean duzun ponentzia, gazte anitzen ikuspegi ezberdinen bateraketa ariketa bezala definitu dezakeguna. Geure burua aurkeztuaz, sarri askotan sortu izan den eta sortu litekeen misterio eta konfiantza ezaren errezela ezereztu nahi genuke: aurrekaririk duen, alabaina zer esan berriak dituen, eztabaida honi heltzeko modurik aproposena iruditzen baitzaigu.

Gure helburua, eztabaida prozesuaren hasieratik bertatik, bi ponentziak (Kantauri eta Zuzendaritzaren ponentzia) aukera berdintasunean herrietan zabaldu eta hauen gainean hausnartzea izan da. Hala ere, beste ponentzia idatzi duen taldearen arabera idazki hau ezin omen du militantziak eztabaidatu, ezin omen daiteke oinarriaren esku utzi, guztion artean erabaki dezagun, Gazte Antolakundearen norabide estrategikoa. Antza, bestelako ponentziarik egotekotan sortu beharko litzatekeen “berme batzordea” ez zen eratu, eta idazkiaren egileek hartu dute euren gain erabaki hau. Zein da zuzendaritza honen etika militantea? Zergatik utzi dute Gazte Antolakundearen oinarri militantea erabaki hau hartzeko aukerarik gabe? Zerk eragotzi du ponentzia hau eztabaida politikoaren jokalekura eramatea?

Kantauri ponentziaren mami politiko iraultzailea utzi nahi izan dute eztabaida markoetatik kanpo, baina jakin badakigu sarri askotan, formen inguruko norgehiagoka bihurtzen direla horrelakoak. Horregatik, espazio txiki hau eskainiko diogu burutu dugun prozesuaren azalpenari, egon daitezkeen zalantzak argitu eta aipaturiko eztabaida politikoari zintzotasunez heldu diezaiogun. Ezinbesteko deritzogu prozesu hau edukien eztabaidara bideratzea, honek bermatuko baitu bi estrategien (iraultzailea eta zuzendaritzarena) arteko talka saihestezina modu eraikitzailean kudeatzea.

Iñurritegi prozesuaren epeak beteta, Abenduaren 31an helarazi genion Kantauri ponentziaren zirriborroa zuzendaritzari (azken ordua aprobetxatzearen ohitura militanteari jarraiki). Bertan, ideien konfrontazioan aukera berdintasuna bermatze aldera, prozesuaren baitan egon zitezkeen ponentzia guztiak jaso nahi genituela adierazi genien, hauek jaso eta publiko egin bitarteko hiru asteak denok aprobetxa genitzan. Eskaera honi, bilera proposamen batekin erantzun zioten, zalantza gabe onartu genuena, baina antolatzeko behar genuen denbora errespetatu zezaten eskatuz. Honen kudeaketan ari ginela, Ernairen egituran zabaldu zuten Kantauri ponentzia prozesutik kanpo gera zitekeela. Era berean, zurrumurruak eta gure identitatearen inguruko mamuak zabalduz joan ziren, zoritxarrez askotan gertatu ohi den modura. Gauzak horrela, bilera horrekiko zalantzak sortu zitzaizkigun guri ere, eztabaidarako hasiera puntu zintzoa izan ordez, zuzendaritzaren posizio politikoa legitimatzeko maniobra bat zelakoan. Hortaz, erabaki genuen ponentzia ofiziala jaso eta Kantauri Ponentzia II. Kongresuan eztabaidatuko zela ziurtatu artean biltzeak ez zuela zentzurik eta hala jakinarazi genion zuzendaritzari idatziz. Oraindik, erantzunaren zain jarraitzen dugu, beraiek esku artean duzun dokumentuaren zirriborroa lupaz aztertzen zuten bitartean.

Zuzendaritza taldeak, edukizko argudio moduan aurkeztu du Kantaurik Abian prozesuko ondorioekin bat egin ez izana. Bada, gure ustez, argudiaketa hau betebeharrezko formula burokratikoen isla argia da; nekez egin genitzake gureak oinarri militantearen sektore zabal batek eztabaidatu ez dituen oinarriak, nekez egin genitzake gurea Gazte Mugimendua “segidismo” instituzional eta erreformismora kondenatzen duen estrategia oso bat. Kongresua, estrategia politikoen talkarako espazio bezala ulertzen dugu, ez inposaturiko edukien gaineko azaleko eztabaida legitimatzeko poesia politiko errezitaldi modura. Bestetik, feminismoaren lerro nagusiekin bat ez egitea leporatzen digute, feminismoa ideologia homogeneo modura ulertuz eta gure feminismoaren aldeko apustu iraultzailearen gaineko azaleko irakurketa partziala eginez. Hauek al dira oinarriko militantziari eztabaida politikoa galaraziko dieten egi kategorikoak?

Esan bezala, gure partetik behintzat, hemen amaitzen da formen inguruko eztabaida antzua. Esku artean duzun testu politiko hau, militantzia osorentzako tresna iraultzailea da, ez gutxi batzuen zentzura objektua. Hortaz, militzantzia osoari eztabaida honi heltzeko gonbitea eta eskakizuna luzatzen diogu, testu hau irakurri, aztertu, eztabaidatu eta zabaldu dezagun; kongresuaren tempoak baldintzaturiko marko zein bestelako marko informaletan, norbanako zein kolektiboan. Hala ere, kontu honetan ñabardura bat egitea komeni litzateke, estrategia oro bere osotasunean baztertu edo onartu behar da, ez dago tarteko puntu posiblerik estrategia iraultzaile eta erreformistaren artean. Alegia, Kantauri ponentziaren zenbait punturekin zuzendaritzaren ponentzia emendatzeak, ez du aldaketa partzial bat baizik lortuko, estrategia horrek ez du inoiz izaera iraultzailerik lortuko.

Azkenik, jakin Kantauri ponentzia idatzi dugun kideon komunikazio bide ofiziala blog hau izango dela:  https://kantauriponentzia.wordpress.com/

Irakurri Kantauri ponentzia...

Etiquetas: