Zaldunborda

EH Bildu Hondarribia.- Hona Zaldunborda dela eta Batzar Nagusian, gaur, EHBilduko Judith Gartzia gure kideak egingo duen galdera eta ebazpen proposamena:

Txingudi Zerbitzuak Gaintxurizketako Zaldunborda eremu kutsatua erosi zuen 2003. urtean, Txingudin erraustegi planta bat eraikitzeko asmoz. Denok dakigun bezala, jendartearen kontrako iritziak eta protestek proiektua bertan behera utzarazi zioten mankomunitateari.

Geroztik, Eusko Jaurlaritzak zigilatzeko eskaera helarazi dion arren, Txinzer-ek eremua hondakindegi bezala erabiltzen jarraitu du. Lurren deskontaminazioren kostua 3,5 milioikoa izanik, baliabide falta alegatzen zuen mankomunitateak.

2016. urtean, 800.000 euroko balioa eta lur eremuaren sailkapena duten lur hauek, Txinzer-ek saldu zizkion Hondarribia Lantzen enpresa publikoari (lehendakaria Hondarribiko alkatea da). Udalak 4,8 milioiko kostuari aurre egin beharko lioke (1,3 lurraren erosketa gehi 3,5 milioiko kostua deskontaminatzeagatik). Erosi eta segituan, udalak salmenta prozesua martxan jarri zuen eta lizitazioan enpresa bakar bat aurkeztu da.

Orain dela aste batzuk jakin dugu hidrokarburo enpresa batek eremu honetan, “outlet-village” bat eraikitzea proposatu diola Hondarribiko Udalari. Ehun saltoki, 40.000 metro koadroko azalera eraikia, 40 milioi euroko inbertsioa, mila autorentzako aparkalekua, urtean sei milioi erosle potentzial eta bostehun lanpostu berri.

Enpresa honek “outlet”-en proiektua aurrera eramateko lurraren kalifikazioaren aldaketa behar du eta horretarako HAPOren aldaketa ezinbestekoa zen. Hori dela eta, Hondarribiko udalak, EAJren aldeko bozkarekin bakarrik, joan den astean HAPOren aldaketa korrika eta presaka onartu zuen, eta egun berean Higertoki enpresari esleitu zion lurraren salmenta.

Dena korrika eta presaka, legeak eskatzen dituen epeak eta prozedurak kontuan hartu gabe. Besteak beste, EAEko Lurralde Antolamendurako Batzordeak, HAPOri lotutako txosten batean emandako eta loteslea den kontrako irizpena. Hain zuzen ere, Zaldunbordako eremuaren sailkapenaren aldaketa izan da batzordearen kontrako irizpena eragin duena. Izan ere, egun indarrean dagoen Gipuzkoako Hiri Hondakinak kudeatzeko Azpiegituren Lurralde Plan Sektorialaren arabera, eremu horretan hondakinak tratatzeko plantaren proiektua aurreikusita zegoen. Presa hauek mesfidantza handiak sortzen ari dira eragile ezberdinengan.

Nola eskatuko zaie herritarrei arauak errespetatzea udalak berak, azalpenik eman gabe, herriko eragileei, oposizioari eta Irungo udalari kasu egin gabe, korrika eta presaka, tramite legalak errespetatu gabe jokatzen badu?

Hondarribiko udalak gogoratu beharko luke, borondatea, interesak eta ahalmen politikoa izan arren, Txingudiko erraustegiaren proiektua bertan behera geratu zela behin, eta kasu honetan hori ere gerta daitekeela. Herritarrekin kontatu gabe eta parte hartzeari bizkarra emanez bultzatutako operazioak kostu altuegia izaten dute askotan. Zenbat eta urrats atzeraezin gehiago egin, orduan eta garestiagoa aterako zaie herritarrei proiektua. Presak, interesak, iluntasuna eta inposatzea eta datoz bat lau haizetara predikatzen den gobernantza berriarekin.

Proiektuaren sakonera joanda, balorazio zehatza egiteko, informazio eta zehaztapen gehiago beharko genuke. Tamalez, esan bezala, proiektuaren inguruko informazioa eskasa da. Hala eta guztiz ere, merkataritza gune erraldoiak gurean eta beste lurraldeetan izaten ari diren ondorioak ezagutzen ditugu.

Gune hauen sorrera eta hedapenak epe motz, ertain batean tokiko denden itxiera eta lanpostuen galera dakar zuzenean. Gune hauek sortzen duten eta suntsitzen duten enpleguari buruzko azterketa ezberdinek ondorioztatzen dute enpleguaren balantza negatiboa dela. Errealitate hau gaur egun ezin da ukatu, horregatik proiektuak beste garai batekoa dirudi non tokiko ehun ekonomikoen suntsiketaren ondorioak eta lurraldearekiko multinazional banatzaileen konpromiso eza ezagutzen ez genuenean.

Esperientzia hauen ondorioz, badakigu azalera handiko guneen hedapenak ez duela eraginik bakarrik denda txikiengan. Lurraldearen garapen ereduan, hiri/herri ereduan, mugikortasunean, enpleguren kalitatean, kontsumo energetikoan edo lehenengo sektorean ere, eragin zuzena du.

Garapen ereduari dagokionez, azterketen arabera, tokiko eta eskala txikiko komertzioen erretornoa komunitatera, askoz ere altuagoa da, azterketa batzuek %50ean kokatzen dute, azalera handiko guneena %5ean geratzen den bitartean. Enpleguaren kalitateari dagokionez, prekarietatea oso hedatuta dago sektore honetan: ordutegiak, soldata baxuak, igandeak, behin behinekotasuna,… langile gehienak emakumeak izanik oso aukera eskasa dute familia eta lanaren arteko kontziliazio egokia egiteko.

Lehenengo sektoreari dagokionez, azalera handiko guneetan bilatzen ditugun produktuen atzean milaka kilometro daude, kasu batzuetan errealitate hau estali nahian eta marketin politikaren baitan, bertako produktuen sekzioa ere eskaintzen digute produktoreei prezio zein beste baldintza batzuen politika gogorrak ezarriz eta menpekotasun handia sortuz.

Beraz, udalaren asmoa kalitatezko enplegua eta aberastasuna sortzea bada, aurreko ostiralean Retortillo jaunak aipatzen zuen orekaren bila joan beharko luke eta Kontseilariak zioen bezala, proiektu honek zalantza asko sortzen ditu: «las informaciones que hay sobre el proyecto, sobre su extensión y sobre su ubicación, efectivamente parecen romper ese equilibrio».

Ingurumen eraginari dagokionez, eragile ekologistek ere alarma piztu dute, inpaktua handia izango bailuke eta Jaizkibel/Aiako-Harria korridore ekologikoari kalte egingo bailioke.

Gure herriek beste garapen eredu bat behar dute, gure kultura, ingurunea, langileen lan baldintzak eta denontzat bizimodu duina bermatzen duen garapen eredu iraunkorra. Proiektu honek talka egiten du herritarron benetako beharrak asetzeko era bidezko batean behar den tokiko garapen orekatuarekin.

Proiektu honekin, epe ertain, luzera begira onuradun garbi bakarra enpresa ustiatzailea da.

Dagoeneko Irungo udalbatzak proiektua bertan behera geratzeko eskaera egin dio Hondarribiko udalari. Hondarribian bertan ere, ekologistak, Hondarribiko merkatarien ordezkariak eta oposizioko taldeak EHbildu eta Abotsanitzek ere proiektuaren inpaktu negatiboa azpimarratzen dute eta bertan behera geratzeko eskaera egin diote Hondarribiko udalari. Hala eta guztiz ere, Hondarribiko EAJk hain garbi ikusten badu proiektu honek onurak ekarriko dituela herritarrentzako, azal dezala proiektua behar bezala, gardentasunez, parte hartzea sustatuz, patxadaz…, Bien bitartean bertan behera utz dezan planteamendua, atzera ezinak diren urratsak egin gabe.

EBAZPEN PROPOSAMENA
1.- Gipuzkoako Batzar Nagusiek lurralde garapen orekatu eta iraunkorraren aldeko konpromisoa adierazten dute.

2. Gipuzkoako Batzar Nagusiek Bidasoaldean, Gipuzkoako langabezia tasa altuena duen eskualdean, kalitatezko lanpostuak sor ditzakeen proiektu ekonomikoak babesten dituzte.

3.- Gipuzkoako Batzar Nagusiek Hondarribian Gaintxurizketako Zaldunborda eremuan planteatzen ari den 40.000 metro koadroko merkataritza gunea operazioarekiko bere kezka adierazten dute.

4.- Gipuzkoako Batzar Nagusiek Bidasoalde eskualdeko udalei, eta bereziki Hondarribiko Udalari, eskatzen diete azterketa xehea egitea, merkataritza-proiektuak eskualdean izan ditzakeen eragin guztiei buruz (ingurumenekoak, ekonomikoak, sozialak), proiektua garatzea eta gauzatzea baimendu aurretik.

5.- Gipuzkoako Batzar Nagusiek, operazio honek lurraldeko garapen orekatu eta iraunkorraren kontra izan dezakeen ondorioak direla medio, dei egiten diote Hondarribiko udalari operazioa bertan behera uzteko.

6.- Gipuzkoako Batzar Nagusiek Hondarribiko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diete elkarrekin lan egiteko ziurtatzearren toki horretan dagoen legez kontrako zabortegia zigilatuko dela eta inguru horren lehengoratze ekologikoa mahaigaineratzeko.

Etiquetas: