Irungo EH Bildu.- Denok dakigun bezala, datorren maiatzean legegintzaldi honetako zikloa bukatuko da, eta EHBildun garbi daukagu une garrantzitsu bat ari garela bizitzen.
1. TESTUINGURUA
Legegintzaldiko azken hilabete hauetan atzean utzi ditugu zenbait gauza:
- Hausturan bukatu zuen EAJ eta PSEren arteko koalizio gobernu bat.
Honek garbi utzi zigun ez zegoela hiri proiektu komun bat, beste interesen baitako aliantza bat baizik. Elkarrekin egon diren bitartean ez da inolaz ere EAJ-ren kutsua sumatu.
- Hausturaren ondorioak: PSE eta Santanoren hiri proiektua agortuta dagoela.
Ideia eskasak dituzte, oposizioaren ekimen eta proposamenak bereak egiten saiatu izan dira: gau txoria, energia berdeen aldeko ekimenak, oposizio taldeoi aurrekontuetan onartutako proposamenak zirelarik. Kreditu aldaketan nabaria izan da gertatutakoa, non nahiz eta oposizioak aurkeztutako banakako proposamenekin ados ez egon, PSE-k baiezkoarekin beraienak balira bezala saldu nahi izan dituen.
- Gobernu ahula eta adostasunetara iristeko ez gaia.
Azken kreditu aldaketarekin gertatutakoa argigarria izan da. Oposizio talde ezberdinekin negoziatu ondoren, kreditu aldaketa alternatibo bat aurkeztea erabaki genuen, eta udal honetan inoiz ikusi izan diren proposamenak onartu genituen oso ezberdinak garen hiru alderdien artean.
Eszenario honetan, PSEk erabat galduta ikusi zuen bere burua, eta bozketaz bozketa Irunen inoiz ez den egoera gertatu zen, oposizioak aurkeztutako proposamen guztiak aurrera atera zirela, eta PSEk edo udal gobernuak aurkeztutakoak bata bestearen atzetik atzera bota ziren.
Honek agerian uzten du PSEren dekretazoen garaiak bukatu direla,eta Irun gobernatzeko garai berriak iritsi direla. Gaur egun, gobernu eskasa dugu, ahula, ideiarik gabekoa eta ostrukarena baino egiten ez duena.
Beraz, garbi dago gure hiriak noranzko aldaketa behar duela. Irunek hobetzeko beharra dauka, aspektu askotan. Horretarako irundarrekin batera eta entzute-ariketa eginez jarraituko dugu lanean.
2. ILUSIOA ETA PROIEKTU INKLUSIBOA
Gure HERRRIAREN GARAPENA dugu helburu, HERRI NORTASUNA galdu gabe.
Gure proiektuan ez da kontenplatzen desarrollismo irrazionala, gure kaleen nortasuna ebatsi egin duena (adibideak: merkatari txikien desagerpena, kaleen tristura, mugikortasun arazoak, herri bizitasun falta,…
Irunek jakin behar du nora joan nahi duen, baina bidai hori ezin da egin “bidaiariei” (herritarrei) galdetu gabe.
Guk ez ditugu MEGAPROIEKTUAK nahi, ez behintzat hiritarren kontsentsuarekin kontatzen ez badute (zenbat irundarrek dakite zer den Via Irun? Noraino sumatzen da irundarren ekonomian FICOBAren inpaktua?,…). Herritarren eta udal instituzioaren artean dagoen harresia hautsi beharra dago.
Guk PERTSONA HANDIAK nahi ditugu: herritar orok bizi kalitate duinak izan ditzala, herritar ahaldunduak,..
Eta ideia hauen bueltan ari gara gure proiektua garatzen.
3. HAUTESKUNDEAK
Aurrekoa kontuan harturik, hauteskunde prozesurako ere oso presente edukiko dugu. Denok dakigunez, datorren maiatzean, beste batzuen artean, udal hauteskundeak izango ditugu. Irungo EH Bildun garbi dugu hauek garrantzitsuak direla Irun hobe bat egiten jarraitzeko. Hori dela eta, aste honetan honen lehenengo faseari hasiera eman diogu.
EH Bilduk modu irekian eta parte hartzailean egingo diogu aurre hauteskunde prozesuari. Hori dela eta gurekin bat egin nahi duzuen guztiok gonbidatu nahi zaituztegu gurekin bide hau egitera.
Datorren legegintzaldia EH Bildu ordezkatuko duen taldea guztion artean erabakiko dugu. Ilusio handiz hasten dugu fase hau, eta Irunen alde egiteko dugun indar eta ilusio hau kutsatu nahi dizuegu guztioi, Politika egiteko modu berriak egon badaudelako, eta gelditzeko ekarri ditugulako.
Horretarako esan nahi dizuegu datorren azaroaren 15ean bilera bat egingo dugula prozesu honen inguruko xehetasun gehiago emateko.