Martxoaren 24ean Palmera Montero gunean ospatu zen bileran Irungo Herri Galdeketako galdera zehaztuko duen prozesu parte hartzailea onartu zen. Adosgunean adostu zen prozesua, hau da, Hartu Hitzak hilabetero egiten duen bilera irekian.
Galdera adosteko prozesua ahalik eta parte hartzaileena eta gardenena izateko helburuarekin, sentsibilitate eta izaera desberdina osatzen duen talde batek 2018ko azaroaren 18an eztabaidatuko den galdera sortzeko hurrengo planteamendua sortu zuen.
Prozesu hau sare sozialetan eskegiko den bideo batekin hasiko da. Bideo horretan, Irungo Herri Galdeketaren helburua azalduko da, eta horrekin batera, irungo herritarrei euren iradokizunak bidaltzeko eskatuko zaie, hala nola, zein izan beharko luke galdera edo zein ezaugarri izan beharko lituzke. Gainera, modu didaktiko batean galderan zehaztu beharko diren kontzeptu nagusiak azalduko ditugu.
Bideoa apirilaren 9ko astean zabaltzea pentsatuta dago eta Irungo herritarrek apirilaren 28ra arte euren iradokizunak bidaltzeko aukera izango dute. Iradokizunak gure korreo elektronikora, hartuhitzairun@gmail.com-era, web orrian edo Hartu Hitzaren sare sozialetara bidali beharko da. Hala ere, apirilaren 21ean sinadura bilketa egun potente bat prestatuta daukagu eta egun horretan bere sinadura ematera hurbiltzen den jendeak ere hautestontzi batetan bere ekarpena sartzeko aukera izango du.
Urrats hau bukatu eta gero, galderaren prozesua gidatuko duen taldean partaide gehiago batuko dira eta jaso diren ideia eta ekarpen guztiak aztertzen hasiko dira. Talde honetan sartzea librea da, izan ere, sentsibilizazio eta izaera desberdinak dituzten pertsonak behar ditugu prozesua pentsamenduen aldetik ahalik eta irekiena izateko. Nabarmendu behar da talde honek ez duela erabakitzeko ahalmenik izango, erabakitzeko boterea Adosguneak izango du.
Talde honen aurkezpena apirilaren 28an izango da, hau da, galdera adosteko prozesuaren Adosguneko lehenengo bilera izango litzatekena. Egun honetan, aurretik ekarpenak egiteko parada izan ez duten pertsonek presentzialki egiteko aukera izango dute ere.
Adosguneko lehen bilera egin ondoren, bertan eztabaidatu diren ideiak aztertuko eta hiru edo lau galdera posible ondorioztatuko dira. Galdera posible horiek maiatzaren 12an Adosguneko bigarren bilera batean aurkeztuko dira eta egun horretan Irungo Herri Kontsultaren galdera zein izango den adostuko da.
Azkenik, Gure Esku Dago herri ekimenak maiatzaren 19an Euskal Herriko herri eta hiri guztietan ospatuko duen Klik Eguna baliatuz, Hartu Hitzak Irungo Herri Galdeketan demokratikoki eztabaidatuko den esakunea eta sinadura bilketan zehar jaso diren sinadura kopurua publikoki aurkeztuko ditu.
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 753 irakurketak
- Castellano