Plakak kentzen Dominak jartzeko

Irungo EH Bildu.- Frankistar sinboligia jasotzen zituzten plakak gure hiriko eraikinetatik kentzeko ekimen bat aurkeztu zigun udal gobernu taldeak aurreko asteazkenean. Iragarpen horretan Eusko Jaurlaritzak ematen duen diru laguntza baten bidez egingo zutela adierazten zuten.

Bide batez, aurreko maiatzaren 30eko osoko bilkuran onartutako mozio bati aipamena egin zioten non mozio honek sinbologia hau kentzeko modurik egokiena bilatzen zuen.
Era berean, plaka hauen kokapena jasotzen zuen eguneratutako errolda bat zegoela adierazten zuten.

Adierazpen hauen aurrean, Irungo EHBilduk horietako baieztapen batzuk zehaztu nahi ditugu. Alde batetik, egia da Udalak diru laguntza bat jaso duela Eusko Jaurlaritzaren aldetik, baina modu honetako diru laguntzak ez dira berriak, azken urteetan errepikatzen den diru laguntza bat da non Udalak ez du eskatzeko aukerarik izan ez baitu gai honetan inolako mugimendurik egin.

Bestetik, maiatzeko osoko bilkuran hartutako akordioa ere aipatzen zuten. Hau ere egia da, baina ahaztu zaie aipatzea mozio hau osoko bilkurara iristea ez dela gobernu taldearen ekimen bat, gure taldeak aurkeztutako mozio bat baizik. Zergatik? Gai honetan, gure taldeak azken urteotan egindako eskaerei muzin egin dietelako behin eta berriz. Honek ez du gure taldea ustekabean harrapatu, ohituta baikaude bai gai honetan eta bai veste batzuetan ere, alkatea eta bere taldearen ideien lapurketetara.

Baina onartezina dena, eta inolaz onartuko ez duguna, sekulako etika politiko eta sozial falta iruditzen zaigulako, herri eragilei egindakoak dira. Kasu honetan “Nikolas Gerendiain Irungo Errepubikar” taldeari eginiko lapurketa, bai ideiean eta baita lanean ere.

Talde honek, 2017ko azaroaren 2an, Irunen dauden plaka guztien argazkiak ez ezik txosten landu bat ere jarri zituen bai Alkatearen eta baita talde politikoen eskuetan. Honekin batera, sinbologia frankista kentzeko Eusko Jaurlaritzak zuen diru laguntza baten berri ere eman zigun (beraz, 2018ko diru laguntza hau  2017koaren berbera da, baina gaurkotua).

Irungo EHBildutik, udal gobernu honek eragile sozialen lana berea egiteko duen joera salatu nahi dugu. Udal taldeok honelako jokaeretara ohituta bagaude ere, etika falta hau zuzendu behar delakoan gaude, eta hortaz, udal gobernu honi hau zuzentzea ez ezik Nikolas Gerendian Irungo errepublikar taldearen lana aitortzea ere eskatu nahi diogu.

Etiquetas: