Greziako poliziak Hondarribia-Katsikasen kamioia bahitu du

FB_IMG_1520326461090Lesvos irlako aparkaleku publiko batean konfiskatu dute. Paperak behar bezala eduki arren, 3.500 euro eskatzen dituzte kamioia itzultzeko

Oraingoan albiste txarrekin gatoz. Greziako poliziak Hondarribia-Katsikasen banaketarako kamioi isotermikoa bahitu du, eta 3.500 euro eskatzen ditu itzultzeko. Iazko elkartasun zozketatik ateratako diruaren zati batekin erosi zen ibilgailua, eta Accion Directa Sierra Norte (ADSN) gobernuz kanpoko erakundearekin batera Polikastron ireki zen okindegirako tresneria eramateko erabili zen. Han, ogiak banatzeko erabiltzen da.

Hondarribia-Katsikas irailean hasi zen Polikastroko okindegia finantzatzen eta bertara boluntarioak bidaltzen. Okindegi horretan ogi siriarra egiten dugu, errefuxiatuen eta etxerik gabekoen artean banatzeko.

Kamioia, baina, Lesvos irlan atzeman du poliziak. ADSNk movil-kitchen proiektua abiatu nahi du Lesvosen; egunero bi mila otordu inguru emateko gaitasuna izango duen kamioi-sukalde bat da. Proiektu hori martxan jartzeko sostengu bezala eraman zuten Hondarribia-Katsikasen kamioi isotermikoa, eta Miteline portuko aparkaleku publikoan zegoela bahitu dute. Nonbait, Lesvosen garraiorako araudi berezia dute, kontinentekoarekin zerikusirik ez duena, eta horren arabera, garraio ibilgailuak ezin dira hiru egun baino gehiagoz egon irlan, eta laugarren egunean konfiskatu dute. Kamioia itzultzeko, 2.000 euroko isuna ordaintzea eta kamioia Grezian matrikulatzea (beste 1.500 euro) eskatzen du poliziak, nahiz eta ADSN Grezian izena emanda dagoen erakundea den.

Gertatutakoak samina eta haserrea eragin digun arren, Hondarribia-Katsikasek lanean jarraitzen du abian dituen proiektuetan, bai Polikastroko okindegi siriarrean, bai bertatik ateratzen diren ogien banaketan Nea Kavala kanpalekuan zein Tesalonikako etxerik gabekoen artean. Gainera, Olvidados GKErekin eta beste zenbait erakunderekin harremanetan gaude, edozertarako behar gaituztenerako.

DSC_0335

 

IMG-20180306-WA0002

Etiquetas: