Aitzondo Irungo Euskara Taldea aurkeztu da gaur

Nondik nora sortu da Aitzondo? Irunen euskarak bizi duen egoera kaxkarrak kezkatuta, eta egoera hori iraultzeko herritarrek aktibazio falta ikusita, euskararen alde lan egingo zuen eragile indartsu baten beharra antzeman genuen Irungo zenbait euskaltzalek.

Duela bi urte eta erdi elkartu ginen lehenengo aldiz 10-12 lagun, baina ez genuen urrats handirik ematea lortu. Pasa den azaroan, eta gero azalduko dugun Euskaraldia ortzemugan, berriz ekin genion euskara taldea sortzeko proiektuari, eta lortu dugu azkenean forma ematea. Aitzondo Irungo Euskara Taldea izeneko elkartea da horren emaitza.

Irungo hiritar gazte talde bat gara, euskararen egoerarekiko kezkak batu gaituena, eta aldi berean anitza. Honako helburu hauek ditugu burutan:

  - Irungo euskararen egoeraren gainean hausnartu eta kontzientzia zabaltzea.

  - Irungo euskaldunak aktibatu eta ahalduntzea.

  - Euskaldunon hizkuntza-eskubideen urraketak salatzea.

  - Euskaraz bizi nahi dugunoi euskaraz bizi ahal izateko aukera bermatzen zaigula ziurtatzea; tartean, dauden legeak betearaziz eta Irunen hizkuntza-politika egokia ezartzen dela behatuz.

Gure helburu horiek lortzeko, edo abiapuntu gisa behinik behin, Euskaraldia ekimen aproposa eta eraginkorra dela uste dugu.

Hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa soziala da Euskaraldia, eta Euskal Herri osoan gauzatuko da 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte. Euskal Herriko erakunde publikoak eta euskararen aldeko herri-mugimendua elkarlanean ari dira ekimena bultzatzen, eta 11 egunez euskaraz bizitzeko konpromisoa hartuko dugu herritarrok. Parte hartzeko bi modu izango ditugu:

  - alde batetik, ahobiziak egongo dira, ahal duten guztietan euskaraz egiteko prest egongo direnak;

  - bestetik, belarriprest izenekoak egongo dira, euskaraz egiteko konpomisoa hartu gabe, euskaraz entzutera engaiatuko direnak, solaskidea euskaraz egitera animatuz.

Txapa bana jantzita identifikatuko dute elkar herritarrek 11 egun horietan zehar.

Donostiako Egia auzoan probatu zuten lehen aldiz dinamika hau 2015ean, eta beste herri askotara zabaldu da hiru urteotan. Aipagarrienetako bat Lasarte-Oriako kasua da. Bertan, ekimenaren eraginkortasuna neurtzeko ikerketa egin zuten, eta euskararen erabilerak nabarmen gora egin zuela ikusi zuten azterketaren egileek, bai ekimena bukatu eta berehala, eta baita handik hiru hilabetera ere.

Edo, urrunegi joan gabe, gure eskualdean, hilabeteak dira Hondarribia eta Hendaiako herritarrak Euskaraldia prestatzen hasi zirela. Irun ez da gutxiago izango; euskaraz biziko gara 11 egunez, aurrerantzean ere hala segi dezakegula erakusteko.

Aitzondo Irungo Euskara Taldeak asteak daramatza Euskaraldia nola prestatu hausnartzen, eta zenbait eragilerekin izan dugu harremana: erakunde publikoekin batera Euskaraldia dinamizatzen diharduen Euskaltzaleen Topagunearekin elkartu gara, eta datozen hilabeteotarako bide-orria izan daitekeena diseinatu dugu. Proposamen horri herriko euskalgintzako eragile asko atxiki zaizkio: Betti Gotti Euskara Kultur Elkartea, Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunea, eta Antxeta Irratia, besteak beste.

Proposamen hori Irungo Udalereko Euskara Arlora eraman dugu, eta haiekin harremanetan gaude, Euskaraldia ahalik eta modu eraginkorrenean nola antolatu dezakegun aztertzeko. Izan ere, Irungo Udalak Euskaraldian parte hartzeko izena eman du, Euskal Herriko beste ehunka herrik egin bezala.

Esandako guztia kontuan hartuta, eta hau da prentsaurrekoaren helburu nagusia, irundar guztiei luzatu nahi diegu gonbita Euskaraldia prestatzen hasteko bilera irekirako. Apirilaren 14an izango da, larunbatarekin, eguerdiko 12:00etan, Palmera Montero Gunean. Aurkezpen-bilera honetara gonbidatu nahi ditugu Irungo euskaltzaleak, Euskaraldian modu batera edo bestera parte hartuko luketenak, edo Euskaraldia zer den jakin nahi duen edonor.

Euskaraldia izango dugu helburu, 11 egun horietan Irun ahalik eta gehien euskalduntzea izango dugu helburu, baina aldi berean abiapuntu ere izango da Euskaraldia, Irunen euskaldunak ahalduntzeko eta aurrerantzean ere euskararen alde lanean segitzeko, Irunen euskaldunok ikusgarriago egiteko, eta euskaldun eta euskaltzaleon arteko harremanak saretzeko.

Bilerara begira inork galdera edo proposamenik badu, mezua bidaltzea baino ez du, irungoeuskarataldea@gmail.com helbidera. Nahi duenak Facebook eta Twitterren segi gaitzake. Handik emango dugu, batez ere, gure urratsen berri.

Etiquetas: