San Miguel-go bizilagunek Auzo Planaren ildoak eztabaidatu, planifikatu eta erabakiko dituzte

Bihar abiatuko da San Miguel 2025 Auzo Planaren bigarren fasea. Hori dela eta, San Miguel-go Auzo Elkarteak auzoan bizi edota bizia bertan egiten duten pertsona guztiak foro ireki batera gonbidatu ditu. Arratsaldeko 19:00etan, San Vicente de Paul ikastetxean burutuko da lehen foroa. Bertan, San Miguel-go bizilagunek, Planaren ildoak eztabaidatu, planifikatu eta erabakiko dituzte.

Hiritik At kooperatibaren dinamika eta metodologien baitan, auzoaren diagnostiko kualitatibo eta kuantitatiboa aurkeztuko da. Auzoaren ebaluazio hau prozesuaren abiapuntua izango delarik, San Miguel-en problematika landu eta, talde txikietan, egungo proiektu, ekintza eta dinamikak eztabaidatuko dira.

Bigarren foroan, proposamen guztiak, Auzo Planaren eskemaren arabera, ordenatuko dira. Talde txiki eta handietan hauek berriz ordenatuko dira, lehentasunezko beharren arabera.

Bost lan ildo
Egun San Miguel auzoak duen egoera aztertzeko, bost ikuspuntu, arlo edo gai aukeratu dira. Guztiak inter-konektatuak daude eta etorkizunera begirako proiektuak aurreikusi eta proiektatzerako garaian hauek lerro bat baino gehiagoren arteko konbinazioak izango dira. Honatx lan ildoak:

    Hirugarren adina: Irungo piramide demografikoa aztertuz gero, erraz ikus daiteke adineko jende asko eta gazte gutxi daudela. Joera demografiko hau oso nabaria da San Miguel auzoan eta horren inguruan hausnartu eta aurrera begira zer egin eztabaidatuko da.

    Kultur-aniztasuna: Irunen badira auzo batzuk bereziki beste herrialde batzuetatik etorritako pertsona kopuru handia dutena, San Miguel horietako bat da. Errealitate hori muga bat izan beharrean aukera bat izatea landu eta norabide horretan sakontzeko proiektuak martxan jarri edo indartu behar dira.

    Hirigintza: Auzoan dauden azpiegitura eta espazio ezberdinen egokitasun, potentzialitate eta beharrak identifikatu eta aurrera begira zein zentzutan kokatu beharko liratekeen aztertuko da.

    Generoa: Egun auzoan genero ezberdinen artean ematen diren desorekak zein gai honen bueltan dauden ekimen eta beharrak lantzea da asmoa. Gai honek zeharka ukitzen ditu beste guztiak, horregatik garrantzi berezia dauka eta ikuspegi horrekin ere landuko da.

    Tokiko ekonomia: Irungo beste auzo batzuek ez bezala San Miguelek badu aktibitate ekonomiko sare interesgarri bat, auzoan bizitza egiteko autonomia dezente ematen duena. Ala ere, gainerako auzo eta herrietan bezala aktibitate ekonomiko txikiak itxiz eta galduz doaz, auzoan bizitza egiteko aukera gero eta gehiago mugatuz.

Etiquetas: