Irungo EH Bildu: "prestutasun guztia azaltzen jarraituko dugu Irunen aldeko proiektuak sustatu nahi dituzten indar politikoekin"

2011n ezkerrekoak eta burujabeak diren indar metaketaren aldeko apustua egin genuenetik ia 8 urte pasa dira. Denbora honetan, erakutsi dugu gai garela gobernatzeko, kudeatzeko eredu berriak daudela erakusteko, akordioetara iristeko, … funtsean, herri honetan ezkerreko alternatiba erreal bat dagoela erakutsi dugu.

Sustraiak ahantzi gabe, instituzioetan ere lan egiteari heldu diogu, beti ere herritarrak erdigunean jarriz.

Irunen ere, hala gertatu da, eta bilakaera honetan, gure taldeak heldutasuna eskuratu du. Gaur egun, errotuta dauden talde eta proiektu batez aritu gaitezke, ilusioz beterikoak, eta testuinguru honetan kurtso politiko berria kokatu nahi dugu.

Kurtso politiko hau, hauteskunde kurtsoa da, eta erronka handiak ditugu aurrean, gaur hain estatiko dagoen Irun hau hobetzeko. Zoritxarrez, Irun geldirik dago, paralisi egoeran dago. Bestalde, proiektu handiak daude: esaterako Via Irun… baina beldur gaude, beste batzuetan bezala, ez ote den proiektu pertsonalista bat bilakatuko (Ficoba bezala), zeren agerian geratzen ari da udal gobernu honek ez duela akordioetara iristeko inongo gaitasunik.

Proiektu honetan asko dugu jokoan, eta ezinbestekoa iruditzen zaigu hasiera hasieratik ahalik eta eragile gehien parte hartzea, herritarrak ere proiektu honen parte senti daitezen, bestela porrot egingo du.

Beraz, argi dago gobernantza modu berriak behar direla. Gobernantza eredu berri batzuek herritarren ongizatearen hobekuntzan eragingo dutenak, bizi kalitatean, kohesioan; kultura egiteko era berriak, gazteei bizi aukerak eskaintzea, lehenengo sektoreari merezi duen arreta ematea…

Irunek traktore berria behar du: merkataritza, aparkalekua, etxebizitzaren egoera kaskarrari besterik ez zaio begiratu behar. Eta honetarako herramintak, egon badaude, baina beste norabide bat eman behar zaie, Bidasoa Bizirik, Txinzer eta Irunviz ari gara, hau da, ekonomiaz, energiaz eta etxebizitzaz ari gara.

Irungo EHBildun Irunerako etorkizun proiektu bat eratzen ari gara. Eta eraketa prozesu hau herritarrekin egin nahi dugu, hiritar, auzo elkarte, giza, kultur, kirol eragileekin konpartitu. Une ezin hobea da, Irun bizirik dago, eta frogarik argiena aktibo dauden mugimenduak dira: M8, pentsionisten mugimendua, migranteen aferaren aurrean sortutako harrera sarea, …

Udaletxean ere erronka handiak ditugu ikasturte honetarako: aipatutako Via Irunez gain, urteetan konpondu gabeko kirol instalazioen arazoa, migranteen afera, Olaberria bailarako plan berezia, …

Hauetan guztietan gure inpronta jartzen saiatu gara eta datozen hilabeteotan ere, jomugan izango ditugu. Horretarako udalak dituen tresnak baliatu nahi ditugu: aurrekontuak, kreditu aldaketak. … eta egungo egoera honek erakutsiko digu akordioak ze norabidetan ematen diren, eta udal gobernu honek duen akordioetara iristeko borondate eta gaitasuna, … gure aldetik, beti bezala, prestutasun guztia azaltzen jarraituko dugu Irunen aldeko proiektuak sustatu nahi dituzten indar politikoekin.

Etiquetas: