Plaiaundiko parke ekologikoko kirol pisten trasladoa, duela bi hamarkada bueltaka darabilkigun gaia da. PSEk eta, azken urteotan, EAJk eginiko kudeaketa tamalgarritzat eta lotsagarritzat jotzen dugu.
Denbora honetan guztian, ez dira irtenbide bat emateko gai izan, gainontzeko alderdi politikoi, kirol klubei, eta oro har, herritar guztiei iruzur eginez, eta argi eta garbi, bideragarriak ez ziren beste kokapen batzuk mahai gaineratuz: baten bat udalerritik kanpo zegoelako, beste bat babes plan berezia duen zonalde batean dagoelako, beste bat non urak gainezka egin zezakeen, eta besteren batek jada erresidentzia bat proiektatuta zuelako.
Azken asteotan, muga guztiak gainditu dituzten udal gobernuaren okurrentzia batzuen berri izan ditugu. Kokapen berri batzuk azalaratu dira, baina zoritxarrez, oposizioko taldeoi informazio hau azken unera arte izkutatu zaigu, eta baita kokapen hauen ikerketa teknikoak ere. Gure taldeak hauek eskatzen jarraitzen du, baina ezezkoa jaso ere bai: ez al dugu, oposizioko udal taldeok, teknikariek egiten duten lana ikusteko aukerarik? Ulertezina, benetan! Hori dela eta, udal zerbitzu juridikoei azterketa tekniko hauen izkutaketa legala den galdetzeko aukera aztertu genuen, eta egoera horren aurrea n, hirigintza delegatuaerantzun zigun epe motzean erakutsiko zizkigula. Asteak pasa dira, eta gaur arte, ezer ez.
Hau dela eta, herritarrei jakinarazi nahi diegu zer nolako jokaera izan duen EHBilduk, eta baita nola erantzun zaigun ere. Aurrekontuen udalbatza baino bi egun lehenago, abenduaren 20an hain zuzen ere, bozeramaile bilera batera deitu ziguten. Bertan, PSEk eta PNVk kirol pistak Hondarribian kokatzeko zuten aukera tótem hori behin betiko bertan behera gelditzen zela esan ziguten, batez ere, Hondarribiari ez zaiolako interesatzen. Hemen esan behar da, datu hau dagoeneko ezagutzen genuela bai alderdi politikok, bai kirol klubek ere, ez dakiguna eta ulertzen ez duguna zera da: zergatik udal gobernuak luzatu nahi izan du aukera hori mugaraino?, zergatik agortu nahi izan ditu epe guztiak, guztiok hamaika arrazoirengatik bideragarria ez zela ezagutzen genuenean?.
Azkenik, gure taldeak behin baino gehiagotan publikoki adierazi duen bezala, Zubieta-Hondarribia bertan behera gelditu da, egun batetik bestera, eta azalpen garbirik gabe. Aipatutako bozeramaile bilera horretan ere, erregeak pasata, bideragarriak ziren aukera guztiekin eztabaida bati ekingo geniola komunikatu zitzaigun (gure San Miguel-Anaka barne), baina, mesedez eskatu ere, ordurako Zubieta-Hondarribiko aukera deskartatuta dagoela publikoki ez egitea. Horrekin batera, beste kokapen berri bat aztergai dagoela jakinarazten zaigu: Zubieta-Urdanibia (Irun). Hori bai, horren azterketa teknikorako sarbiderik gabe.
Urte bukaera honetan, hirigintza delegatua den EAJko bozeramaileak, inori jakinarazi gabe eta emandako hitza hautsiz, prentsaurreko bat ematen du Hondarribiko Zubieta aukera bertan behera gelditzen dela esateko, eta honek, jakina, gure haserrea pizten du.
Bost egun geroago, GBO irakurriz, zur eta lur geratu ginen ikusi genuenean udal gobernuak San Miguel Anakako futbol zelaia lizitaziora atera duela, guri ezer jakinarazi gabe, noski. Gainera, jakinda zonalde hori EHBilduk auzoaren zaharberritzerako aukeratua zuen gunea zela.
Azken urte honetan, gure taldeak jarrera zintzoa, leial eta eraikitzailea izan du, eta hórrela erantzun zaigu. Irungo EHBilduk gai honekin ikerketa profesional bat egin du, bai arkitektonikoki, bai juridikoki, gure aukera bideragarria zela ikusarazteko. Aukera hau udal gobernuarekin partekatu dugu, eta baita besteekin batera aztertua izatea eskatu ere (nahiz eta badakigun erdigunean integratzen den bakarra dela, eta dituen abantailak gehiago direla desabantailak baino). Insistentzia edo lotsarengatik baietz esan zitzaigun, aztertua izango zela, baina benetako emaitza hauxe izan da: azken urteotan jaso dugun mezpretxurik handienarekin erantzun zaigu, eztabaida hasi baino lehenago, zonalde horretan planak exekutatuz.
Eta hona iritsi gara, une honetan, udal gobernu hau bi alderdik osatzen dute, eta alderdi adina aukera (edo gehiago) ditugu mahaigainean: PSEk Zubieta-Urdanibiaren alde (Olaberria deskartatu gabe), eta EAJ Txenperenearen alde egiten. Gure galdera zera da: Hau normala al da? Edo adar jotze hau ezagutzen ez genituen mugetara eraman nahi dute? Udal gobernu honek, barruko liskarrak direla eta, eta hauteskundeak begi ninietatik kendu gabe, Irungo herritarrak bahitu nahi ditu, hauen interesei muzin eginez, bakarrik protagonismo kuota bat lortzearren?.
Gure taldetik, azalpen bat, barkamen bat, eta batik bat, jarrera aldaketa bat eskatu nahi dugu. Eta herritarrei komunikatu San Miguel-Anaka kokapenaren aukera mugaraino borrokatuko dugula, gure aburuz, onena delako. Era berean, prozesu parte hartzaile baten aldeko apustua berretsi nahi dugu, honela irundarrok afera honetan aukerarik egokiena zein den hautatu ahal izango dugu eta.
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1169 irakurketak
- Castellano