Eguzkik salatu du Foru Aldundiak ia ez duela egin Ulian eta Jaizkibelen planeatutako inbertsiorik

Jaizkibel-Allerru (545 m)

EGUZKI Talde Ekologista eta Antinuklearra.- Uliako eta Jaizkibelgo Kontserbazio Bereziko Eremuen Kudeaketa Planak 2013 eta 2019 bitarterako aurrikusten dituen inbertsioen % 13,37 egin du Foru Aldundiak. Hau da, oso gutxi inbertitu du, ia ezer ez, epea bukatzeko urte eta erdi inguru baino geratzen ez denean.

Dudak argitze aldera, esan dezagun ehuneko hori Foru Aldundiak berak eman duen informaziotik ateratakoa dela. Hobeto esan, Foru Aldundiak gogoz kontra emandako informaziotik. Izan ere, guk eskatu arren, ez zigun ematen, harik eta Arartekoarengana jo behar izan genuen arte (1).

Uliako eta Jaizkibelgo Kontserbazio Bereziko Eremuak (Natura 2000 Sarea) 2013an deklaratu ziren, Donostia, Pasaia, Lezo eta Hondarribiko lursailetan. Deklarazioarekin batera, beraien Kudeaketa Plana onartu zen, bertako habitatak biziberritzeko (ameztiak, txillardiak, errekak…), belazeak ordenatzeko eta bertako flora eta fauna zaintzeko. Helburu horiekin, Kudeaketa Planak 2013 eta 2019 bitartean hainbat ekintza aurreikusten ditu, eta ekintza horien aurrekontua 1.638.695 eurokoa da. Alabaina, Foru Aldundiak eman duen informazioaren arabera, joan den urte bukaerara arte 233.156 euro inbertitu ditu. Aurreikusitako inbertsioen % 13,37 baino ez, alegia.

Inbertsio eza eskandaluzkoa iruditzen zaigu eta horregatik salatzen dugu, jakina, baina ezin dugu esan harritzen gaituenik. Izan ere, 2015eko azaroan Gipuzkoako talde ekologista eta naturzaleetako hainbat ordezkarik Mendietako foru zuzendari Arantxa Ariztimuñorekin egin zuten bileran, Ariztimuñok argi eta garbi esan zien ez zuela Kontserbazio Bereziko Eremuen Kudeaketa Planak betetzeko asmorik.

Alabaina, 2016ko martxoan, une hartan Jaurlaritzako Ingurumen sailburua zen Ana Oregik, Ariztimuñoren alderdi berekoak, honako hau esan zuen Parlamentuan: “Natura 2000 Sarea da Europaren apustu nagusia biodibertsitatea kontserbatzeko. Administrazioak Natura 2000 Sarea babestera bideratzen duen euro bakoitzak 22 euro baino gehiago ematen ditu” (2). Hitz hauetatik ondorioztatu dezakegu Foru Aldundia, Kontserbazio Bereziko Eremuetan behar den neurrian inbertitzen ez duenean, biodibertsitatearen kontra ari da, bai, baina, horrez gain, (herritar guztion) dirua alferrik galtzen ari da.

Inbertsio-maila hutsaren hurrengo izateak agerian uzten du Aldundian ez dela Ulian eta Jaizkibelen behar bezala jokatzen ari. Baina eskua sartu duenean ere ez du beti ondo sartu. Gogoratu 2015eko udazkenean Jaizkibelen egin zuen “sasi-garbiketa”, zeinean habitat babestuak zein monumento megalitikoak kaltetuak suertatu ziren. Kasu hori oraindik epaitegian dago, Fiskaltzak, Eguzkik abisatuta, salaketa ipini baitzuen, ekintza hartan Ingurumenaren kontrako eta Ondare Historikoaren kontrako delitu-zantzuak ikusi zituelako (3).

Badakigu, Gipuzkoan eta Euskal Herrian, Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremuen Kudeaketa Planak, oro har, ez direla betetzen ari, plan horietan aurreikusitako hanbat neurri ez direlako hartzen. Baina guztietan inbertsioa Ulia eta Jaizkibelgoaren mailakoa bada, arazoa ez da izango ez direla betetzen ari, urratzen ari direla baizik.

(1) http://eguzki.org/2018/03/07/arartekoak-belarratik-tira-egin-dio-gipuzko...

(2) http://www.euskadi.eus/web01-a2inguru/eu/contenidos/noticia/2016_03_16_3...

(3) http://eguzki.org/2016/07/08/fiskalak-epailearen-aurrean-salatu-ditu-for...

Informazio gehiago edo adierazpen batzuk nahi izanez gero, jo 647698347 telefonora (Karlos Murua).

Etiquetas: