2018ko irailaren 8an GORROTOARI STOP!

Hondarribiko EH Bildu.- Hondarribiko hirian bizikidetza hautsi egin da eta ez dugu ahaztu behar, batez ere, hautetsien eta agintarien ardura dela hiritarren arteko errespetuzko elkarbizitza.

Irailaren 8an, Jaizkibel konpainiak, hari ezarritako orduan desfilatzerakoan, irainak, bultzakadak eta kazetarien kontrako erasoak zabaldu ziren kale Nagusian barrena. Oro har, Jaizkibel konpainiaren desfilearen aurkako boikot ekitaldi antolatua izan zen. Ederki antolatu gainera, ohikoa den bezala, poltsa tzarretan ekarri eta banatu baitzituzten, plastiko beltzak, txartelak, turutak eta txifloak.

Aurten, berriro ere, Hondarribiko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ahalbidetu dute kale Nagusiaren okupazioa eta berdintasunaren aurkako boikota; Ertzaintzak ez ditu eragotzi plastiko beltzak, irainak, gutxiespen portaerak eta konpainiaren desfilea desitxuratzea. Udaltzaingoak, bide beretik, ez ditu haien mezu, kartel, plastiko, etab. eragotzi, baina arin eta prestu, ziztu bizian kendu ditu berdintasuna eta babes mezuak zituzten pankartak.

ASKI DA! Larunbatean ikusitakoa eta bizi izandakoa, gorroto adierazpen larria da; ez du zerikusirik adierazpen askatasunarekin. Desberdin pentsatzen dutenak iraintzea, jazartzea, gutxiestea, erasotzea, haien adierazpena eragoztea eta herritik bidali nahi izatea, ez da adierazpen askatasuna, gorroto adierazpena baizik.

Herriko jaiak modu desberdinean ulertu eta bizi daitezke, jakina; beti ere, oinarrizko eskubideak urratu gabe eta elkarren errespetuan.

Herriko jaiak, Hondarribikoak ere, erakunde publikoen ardurapekoak dira, Hondarribiko Udalaren ardura, nagusiki. Herriko jaiak guztienak eta guztientzakoak dira, publikoak dira. Erakunde pribatu batek ezin bahitu dezake jaien izaera publiko hori; ezin bereganatu dezake kalea, herriko ondare, ikur eta ohiturak; horiek, herritar guztienak dira, ez inolako erakunde pribaturenak.

Erakunde publikoek, Udalak, Foru Aldundiak eta Jaurlaritzak, kale egin dute. Erakunde publikoek ezin utz dezakete eremu publikoa eta kultur ondare munizipala elkarte pribaturen esku; are gutxiago, gorrotoa zabaltzeko eta boikota egiteko bada. Erakunde publikoek, guztiek: Udalak, Foru Aldundiak eta Jaurlaritzak, besteak-beste, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna babestu behar dute, izan eremu publikoan, zein pribatuan ere.

Oinarrizko eskubideak, bete-beharrekoak dira, sustatu beharrekoak, zaindu beharrekoak, babestu beharrekoak. Ezin dira urratu. Oinarrizko eskubide horietako bat da berdintasuna, inor ez dago salbuetsita. Urratzen duena elkarte pribatua bada ere, oinarrizko eskubidea urratzen ari da, ez da zuzen jokatzen ari. Baina inork ez ba die eskatzen, arautzen, bideratzen, puztu egiten dira, harrotu, gaiztotu eta ustez nagusi izanik, gorrotoa zabaltzen dute, joan den larunbatean ikusi eta jasan izan genuen bezala.

Irailaren 6ean, korporazioak herriari agurra dantzatu ostean, Aginte-makila sinbolikoki baino, literalki ematen zaiela pentsatzen dutela ikusi dugu, eta herri erakundeek ez die kontrakorik ikusarazi. Ezin da elkarbizitzaren erantzukizuna bazterrean utzi, udalarena da, Alkaterena da. Erantzukizun hori bere egin eta egoera zuzendu behar du udalak, Alkateak, adoretsu, beldurrik gabe.

Irailaren 8an desfile parekidearen aurkako boikota eta gorroto adierazpena gaitzesten dugu. Alkateari eskatzen diogu konponbiderako oinarriak jar ditzala. Gu aldamenean izango gaitu langintza horretan, izan udalgintzan zein herrigintzan.

Hondarribiko EHBildu

Etiquetas: