Zaldunbordan proposatutako merkataritza-arloko megaproiektua eta horren antzekoak geldiarazteko kalean eta erakundeetan baterako ekintzak egingo dituztela iragarri du EQUO Berdeak alderdiak

Alderdi berdeak denda txikien alde, mugikortasun jasangarriaren alde eta enplegu duinaren alde egingo du merkatarien eta ekologisten elkarteekin eta herritarren hainbat plataformarekin batera, kontsumogune masibo horiei aurre egitearren

Lehengo larunbatean batzarra egin zuten Hondarribian EQUO Berdeak alderdiak antolatuta eta, horren ondoren, alderdi berdeak baterako ekintzak egingo dituztela iragarri du, Zaldunbordako lurretan proposatutakoaren antzeko merkataritza-arloko megaproiektuak geldiarazteko.

Topaketan hainbat norbanakok parte hartu zuten, baita honako hauek ere: denda txikien eremuko elkarteetako ordezkariek, herritarren plataformek, Ahal dugu alderdiko zinegotzi eta batzarkideek, Irabazi koalizioko eta Abotsanitz-eko zinegotziek, Ezker Anitzako Bidasoaldeko koordinatzaileak eta EQUO Berdeak alderdiko legebiltzarkide José Ramón Becerrak.

Eztabaidagai nagusia Gaintxurizketa inguruan dauden Zaldunbordako lurretarako proposatu den megaproiektua izan zen; izan ere, merkataritzagune bat eraikitzea aurreikusi da: 100 denda, outlet bat, 1.000 autorentzako aparkalekua eta gasolina-zerbitzugunea. Eztabaidaren ostean, gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren arloko ‘mehatxu’ horri aurre egiteko ekintza-unitate bat sortzea erabaki zuten. Horregatik, antolatu egingo dira eta hainbat ekintza egingo dituzte kalean; halaber, erakundeetan ere hainbat neurri proposatuko dituzte hain kaltegarriak diren proiektu horiek geldiarazteko.

Alderdi berdearen ustez, EAJ eta PSOE alderdiak buru dituzten udal-, foru- eta autonomia-gobernuetatik bultzatzen ari diren hirigintza-garapeneko ereduak horrelako mega-proiektuak baimentzearen aldekoak dira, baina proiektu horiek ez dute atzera bueltarik ingurumenaren ikuspegitik begiratuta okupatuko dituzten naturaguneei dagokienez (zenbait eremu Natura 2000 sarearen barruan daude), eta Gipuzkoa osoko denda txikiak amildegian behera eroraraziko dituzte. “Gaur egun, Gipuzkoako merkatari-elkarte batek lurrak birkalifikatzearen aurka jarritako errekurtsoa auzibidean ebazteko zain dago, baina Hondarribiko alkateak lurrak saldu ditu jada, 2017ko urrian. Izan ere, lurren salerosketetako operazioetan ezkutuko maniobrak, presa eta diru-kopuru handiak mugitu direnez, mesfidantzak sortu dira operazio horien gainean eta proiektuaren atzean dauden benetako interesen –irabazi-asmoaren– gainean”, adierazi du EQUO Berdeak-en Gipuzkoako kobozeramaile Guy Gulliversek.

Merkataritzagune horiek, gainera, negatiboak dira mugikortasun jasangarriari dagokionez, eta oso kaltegarriak enpleguarentzat, hainbat azterlanetan ondorioztatu dutenez. “Badugu nahikoa merkataritzagune. Zaldunbordan beste bat egin nahi dute, baina ez da proiektu bakarra inguruko kilometro gutxi batzuetan; izan ere, Belartzan ere antzeko mehatxua dago, Garbera handitzeko asmoa dute, eta Zarauzko Errotaberri industrialdean erabilerak zabaltzeari dagokionez, antzeko zerbait izango delako susmoa hartzen diogu. Energia-kontsumo oso handia duten instalazioak dira, eta oso zaila da horiei eustea. Gure lurraldea oso txikia da eta ezin ditugu hainbat gune hartu; azkenean, denda hilak ikusten bukatuko dugu, egun Euskadiko herri guztietan industria hilak ikusten ditugun moduan. Eredu hori bultzatzen ari da kontsumoarekin lotutako turismoa sustatzeko, baina horrek ez du inolako loturarik turismo jasangarriarekin”, ohartarazi du Raisa Iratxe Garcíak, EQUO Berdeaken Gipuzkoako kobozeramaileak.

Denda txikiek gero eta zailtasun handiagoak dituzte herri guztietan bizirauteko –arazoa orokortua dago, denda txikiak ixten ari dira, arian-arian– eta, egoera horren aurrean, EQUO Berdeaken ustez premiazkoa da merkataritzaguneak bata bestearen atzetik zabaltzeko joera hori geldiaraztea. Alderdi berdeak hainbat ekintza egitea aurreikusi du eta, horretaz gain, herritarrei hausnarketa egiteko eskatu diete, herriak bizirik behar ditugula, alegia, aukerak sortuko dituzten herriak, ekonomia zirkularra ahalbidetuko duten herriak.

Etiquetas: