Jantzi Negua! Euskal Herri mailako arropa bilketa antolatu du Zaporeak Proiektuak azaroak 17an

Urrian Lesbosera eginiko azkeneko bidaian, Zaporeak Proiektuko arduradunek bertatik bertara ikusi zuten errefuxiatuekin lan egiten zuten elkarteen arropa biltegiak hutsik zeudela. Garai hartan Zorba zikloiak gogor jo zuen Greziako uharteetan, errefuxiatuen egoera okertuz. Egoera ikusita eta negua gertu zegoela ohartuta, alarmak piztu eta itzuleran arropa bilketa bat antolatzeko egitasmoa ekarri zuten.

Zaporeak Proiektua elikadura arloan lanean aritu da orain arte, elikagai bilketak eginez, eta horretan jarraitzeko asmo sendoarekin jarraitzen du. Baina, errefuxiatuen arropa behar larriaz jabetuta, zerbait puntual eta berezi gisa, Euskal Herri mailako arropa bilketa bat antolatzea erabaki du datorren azaroak 17an.

Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako hiriburuak izango ditu arropa bilketak erdigune: Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñea. Baina Zaporeak Proiektuak duen boluntario eta laguntzaile sare zabalari esker, lurraldeetako hainbat herri eta eskualdeetara iritsiko da arropa bilketa hori, besteak beste, Beasain, Zarautz, Lizarra, Tafalla, Leitza, Laudio, Arabar-Errioxa, Markina eta Etxebarrian. Guztira 35 bilketa gune izango dira.

Herrietako bilketa guneetaz gain hainbat eskola, unibertsitate, elkarte eta enpresek ere bat egin dute Zaporeak Proiektuaren arropa bilketarekin eta euren eraikinetan ere bilketak egingo dituzte, gero gure biltegietara eramango dituztenak.

Hainbat lekuetan arropa biltzen hasi dira dagoeneko edo azaroak 17 baino lehenago jarriko dira martxan. Bilketan neguari aurre egiteko arropak bilduko dira, arropa zehatzak, errefuxiatuek neguari egoera duin batean aurre egin diezaioten:
    Haurrak (Haur arropa etiketa dutenak hartuko dira kontuan): txaketa, jertseak, berokiak, galtzak, gonak, osagarriak (bufandak, txanoak, eskularruak, gerrikoak…) eta zapatak. Barruko arropa eta galtzerdi BERRIAK jasoko dira.

    Emakumeak: txaketa, jertseak, berokiak, galtzak, gonak, osagarriak (bufandak, txanoak, eskularruak, gerrikoak…) eta zapatak. Barruko arropa eta galtzerdi BERRIAK jasoko dira.

    Gizonezkoak: txaketa, jertseak, berokiak, galtzak, osagarriak (bufandak, txanoak, eskularruak, gerrikoak…) eta zapatak. Barruko arropa eta galtzerdi BERRIAK jasoko dira.

Arropa bilketan jasotzen den materiala, sailkatu eta helburua azaroak 26 eta 27an Greziara bidean jartzeko asmoa da. Bidalketaren garraiorako diru laguntza eskatzen dugu, palet bakoitzaren bidalketak 150€ko kostua du eta aurreikuspenek diote palet asko bilduko direla bilketa horretan eta horiek guztiak bidaltzeko ezinbestekoa izango da guztion laguntza. Hori bideratzeko kontu korronte berezi bat zabaldu da eta bilketa guneetan itsulapikoak ere jarriko dira jendeak bere ekarpena egin dezan:
    Laboral Kutxa: ES18 3035 0103 84 1030037127

Greziako proiektua martxan
Ekainean iritsi zen Zaporeak Proiektuaren lehen boluntario taldea Lesbosera, Moria errefuxiatu zelaian sortutako larrialdi egoera bati aurre egiteko. Pikpa kanpalekuan 500 errefuxiatu kurdu gehiago jaso zituzten eta horiei jaten emateko laguntza eskatuta bidaldu zen boluntario taldea.

Ordutik hona, bertan proiektua martxan jartzeko lanean aritu da boluntario taldea. Hiru zutabe izan ditu Lesbosen egin den lanak: Lesbosen elikadura arloan lan egiten duten elkarteekin harremanetan jartzea bertan kozinatu eta otorduak banatuz errefuxiatuen artean, Grezian legalki ezartzea eta Lesbosen sukaldea jartzeko lokal bat aurkitu eta alokatzea.

Iragan astean jaso genituen Grezian gure egoera legalizatzen zituzten paperak, beraz bertan lan egiteko baimena dugu jada, hau ezinbestekotzat jotzen baitzuten Lesboseko eta Moriako errefuxiatu zelaiko agintariek. Horrekin, martxan jar gaitezke eta Moriako zuzendaritzarekin berriro ere harremanetan jarri, aurrez hitz egindako 750 errefuxiaturi jaten emateko.

Horretaz gain, hainbat saiakeren ondoren, badugu gure sukaldea bertan montatzeko lokala. Oztopo asko aurkitu ditugu bidean, hitzartutako eraikinetako jabeak atzera botata lortutako akordioen aurrean. Baina, azkenean lortu dugu 200 metro kuadroko lokal bat alokatzea. Bertan gure sukaldea montatuko dugu, otorduak kozinatu eta errefuxiatuei elikadura duin bat emateko asmoarekin.

Orain, sukalderako materiala eraman eta sukaldea montatzea da lehen helburua, lan egiteko beharrezkoak ditugun aldaketa eta hobekuntza guztiak egin eta kozinatu eta otorduak banatzeko beharrezkoak ditugun baimenak eskuratzea. Behin urrats horiek emanda, proiektuari forma ematen jarraituko dugu, boluntariotzen funtzionamendua nola izango den zehaztuz eta Greziako gure antolakuntzari itxura emanez. Zaporeak Proiektua berrantolatze prozesu batean murgilduta, gure antolakuntza hobetu eta lana eraginkorragoa izan dadin.

Etiquetas: