Herri galdeketaren bi hilabeteren faltan, Hartu Hitzak azeleragailua martxan jarri du

Larunbateko ekitaldiaren ostean, 2018ko azaroaren 18an Herri Galdeketa antolatuko duen elkarteak, Hartu Hitza Irunek, zera adierazi izan nahi du:

  Irundar gisa, nolako etorkizun politikoa nahi duzu gure herriarentzat?

    1- Euskal estatu burujabea eta independientea.

    2- Estatus politiko berri bat, estatu espainiarraren barnean.

    3- Gaur egungo Euskal Autonomia Erkidegoa.

Hauxe izango da datorren azaroaren 18an irundar guztiei luzatuko diegun galdera. Zalantarik gabe gaur egun pil-pilean dagoen gai baten inguruko galdeketa izango da gurea, eta irundar guztiek beraien iritzia emateko aukera izango dute. Beste 210 Euskal Herriko herritan egin den bezala, orain arte.

Lan handia egin dugu orain arte galdeketa hori posible izan dadin. Prozesu guztia gainera, jende askoren artean burutu dugu. Asko eta ezberdinak. Askotarikoak eta elkarrekin. Adostasunez. Orain prozesu hori bururaino eramatea falta zaigu eta horixe egitera goaz datozen bi hilabeteetan.

Ez da erronka txikia gurea:

    Alde batetik, galdeketa posible izan dadin azpiegitura guztia prestatzera goaz. Galdeketa auzo guztietara eraman nahi dugu eta horretarako auzo guztietan bozka lekuak prestatzera goaz.

    Eta bestetik, irundar guztiei behar duten informazio guztia helerazteko eta parte hartzera konbentzitzeko kanpaina komunikatibo handia egingo dugu. Hain zuzen ere, gaur eman nahi diogu hasiera kanpaina horri.

Gaurtik eta azaroaren 18ra bitarte Irun osoa zeharkatuko duen dinamika burutuko dugu:

    - Hainbat ekimen egingo ditugu. Nagusia urriaren 28an.

    - Informazio puntuak jarriko ditugu auzo guztietan gure herrikideekin hitz egiteko eta zalantzak argitzeko.

    - Kanpaina komunikatibo zabala burutuko dugu.

    - Alderdi politiko, sindikatu eta Irungo eragile ezberdinekin bilduko gara zera eskatuz: ariketa demokratiko honekin bat egin dezatela eta anima ditzatela bere afiliatuak eta jarraitzaileak parte hartzera .

    -Galdeketa finantziatzeko diru bilketa egingo dugu.


Gaur eta hemen, dei ozen bat egin nahi diegu irundar guztiei:

 - Parte hartu!

 - Hurbildu guregana eta egin dezagun bidea elkarrekin. Eraiki dezagun etorkizuna.

 - Erabakitzeko eskubidean sinisten baduzu, etorri gurekin. Herritarron parte hartzeko kultura sustatu nahi baduzu, egin zure ekarpena.

 - Bizikidetzan sinisten baduzu, orain da unea.

 - Estatus politikoaren inguruko eztabaidan parte hartu nahi baduzu, HARTU HITZA!

Etiquetas: