Bidasoa-Txingudik nodo berritua izango du 2019ko edizioan

KoopFabrika proiektu profesional eta ekimen sozio-ekonomikoak martxan jartzen laguntzeko programa da. 2017an Ekonomia Sozial Eraldatzaileko 30 proiekturen sorreran eta kontsolidazioan bide-laguntza eskaini zuen, eta 2018 edizioan aldiz 40-ek eman zuten izena, eta 20 bat iritsi tutorizazio fasera.

Ekintzailetza molde berriak praktikan jartzeko aukera eskaintzen du KoopFabrikak, aktibitate sozioekonomiko berrien sustapena kooperatibagintza eta garapen komunitarioaren klabeetan oinarrituz. Programak bere baitan biltzen ditu gizarte ekonomiaren ezaugarri nagusiak: gizarte eraldaketarako bokazioa, inter kooperazioa eta lankidetza, izaera kolektiboa, parte-hartzea, ekintzarako inpultsoa, etab.

Aurten berrikuntza ugarirekin dator KoopFabrika. Izan ere, aurreko edizioetan Formazio Fabrika (formazio teoriko/praktikoa), Tutoretza Fabrika (tutore batekin bide-laguntza) eta Saretze Fabrika (lurraldearekin harremana) hurrenez hurren egiten baziren, aurten hasieratik edukiko du ekintzaile taldeak tutorea, bidelaguna. Horrela, programa guztian zehar (urtarrila-ekaina) ekintzaile taldeak tutore bat izango du esleitua eta bi formazio txanda edukiko ditu eskura:
    -Trinkoa: Otsailean 2 astetan egingo den formazio teoriko/praktikoa
    -Zabaldua: Martxoa, Apirila, Maiatza eta Ekainean bitartean luzatuko dena. Maiztasun handiagoz, disponibilitate osoa ez duten ekintzaileentzako

2019. urteko KoopFabrika Gipuzkoako lau eskualdeetan burutuko da eta Bidasoa Txingudin, Hiritik At kooperatibak hartuko du ardura, sortu berri den Olatukoop Bidasoa sarearen baitan. Proiektuak Euskal Herria lan eremu izan arren, modu deszentralizatuan eskualde ezberdinetan eta tokian tokiko sareetan eragin nahi du ekonomia soziala hedatuz eta sustatuz.

Izen ematea
Hiru profiletako jendeari zuzentzen zaio programa:
    - Proiektu edo ideiaren bat lantzen edo martxan jarri nahian direnak.
    - Orain arte elkarte forman jardunean aritu arren, profesionalizatu edo beste era batera antolatu nahi duten taldeak.
    - Enpresen baitako barne-ekintzailetza proiektuei dimentsio sozialetik
ekiteko asmoa dutenak.

Programan parte hartzea doakoa da baina plaza mugatuak daude. Jada parte hartzaileekin elkarrizketa fasea ireki da. Horregatik dei egin nahi da proiektu bat elkarlanean garatu nahi duten pertsona, talde edo enpresei. Izen ematea koopfabrika.eus webgunean gauzatu daiteke.

Formakuntza integrala
KoopFabrikan formazio teorikoa, proiektu berrien sorkuntza, proiektuen akonpainamendua, ikerketa eta hedapena konbinatzen dira. Esan bezala, aurten era bateratuan emango dira, tutoretza kurtso guztiko eta zeharkako zerbitzua izanik:
    -01 Formazio Fabrika, ekintzailetza sozialean ikasketa-ekintza prozesua da, formazioa jaso, erremintekin trebatu eta proiektu-ideia bat taldean lantzeko. Bi aukera izango dira, trinkoa (otsailean) eta zabaldua (martxoa, apirila, maiatza eta ekaina)
    -02 Tutoretza Fabrika hasieratik egongo den bide-laguntza zerbitzua
    -03 Saretze Fabrika, tutore eta bidelagunen laguntzarekin, ekimen ekonomiko kolektiboak martxan jartzeko beharrezko diren bideragarritasun planak osatu, ekimen “pilotuak” abian jarri eta tokiko eragileekin saretzeko enpresa-proiektu berriak

Ekintzailetza sozial kooperatiboa
Ekintzailetza eredu neoliberaletan, sistemaren akatsek sorturiko arazoei irtenbideak topatzeko orduan pertsona indibiduala jartzen da erantzule eta arduradun nagusi. KoopFabrikak aldiz, merkatu logiketan bakarrik oinarritzen den ekintzailetza eredua ez du konpartitzen eta bestelako ekonomia baten alde egiten du: lan-kidetzan oinarritua, kolektiboa eta kapitalari izaera instrumentala aitortzen diona, kolektiboaren bizi baldintzak hobetuz eta komunitatearekiko konpromisoa asetuz.

KoopFabrikak bere egiten ditu ekintzailetza sozial kooperatiboaren elementu nagusiak, hau da, bere egiten ditu lan kolektiboa, antolaketa demokratikoa eta auto-eratua, bideragarritasuna, bizitza, tokikotasuna, eraldaketa soziala, dibertsifikazioa, lanaren burujabetza eta hezkuntza.

Hirugarren edizioa
KoopFabrika ez da hutsetik abiatzen. Aurrez garatutako bi esperientzia pilotuetan oinarrituz (“Kooperatzen eta “BerrekinBerregin”), gizartean identifikatutako behar bat asetzeko bokazioz sortzen da. Horregatik, 2017. urtean lehenbizikoz burutu zen KoopFabrika eta 30 proiekturen sorreran eta kontsolidazioan bidelaguntza eskaini zen. 2018 an ere ratio berberetan mantendu zen.

Lankidetza programa
KoopFabrika lankidetza programa bat da: Olatukoop sareak, GEZKI institutuak (EHU) eta Mondragon Unibertsitateko Lanki ikertegiak antolatua da. Gipuzkoako Foru Aldundiak ko-finantzatua. Beraz, egitasmo honen baitan izaera ezberdineko eragileak saretu dira

Etiquetas: