Irungo eta Hondarribiko proiektu berritzaileenetako batzuk aurkeztuko dituzte Krea 20X8 azokan

foto pechakucha Powered by PechaKucha formatuan egingo dute, 20 segundoko 20 diapositibarekin

Krea Bidasoaren azken sei edizioetan egin izan den jarduera da

Krea Bidasoaren hamargarren edizioa antolatu dute Irungo eta Hondarribiko Udalek, martxoaren 22rako. Aurreko bederatzietan tailerrak eta hitzaldiak antolatu izan dira, baita ekintzaileekin, enpresekin, formazio zentroekin, unibertsitateekin, udalekin etab. egindako topaketak ere. Beti berrikuntzan arreta jarriaz, eta mugaz gaindiko begirada bilatuz.

Berrikuntzak izango dira hamargarren edizioan, baina arrakasta gehien izan duten jardueretako batzuk ere mantenduko dira. Azken sei edizioetan, egitarauko indarguneetako bat izan da PechaKucha. 20 segundoko 20 diapositibaren bidez, Irungo eta Hondarribiko proiektu berritzaileenetako batzuk aurkeztu dira. Guztira, 54 aurkezpen egin dira, komunikazioa, pertsonentzako zerbitzuak, literatura, industria eta bestelako arlo ezberdinen inguruan.

Miguel Ángel Páez Bidasoa bizirik-eko presidenteak azaldu du Irunen eta Hondarribian proiektu berritzaile interesgarriak sortu direla: “Krea Bidasoan, eta zehazki PechaKucha aurkezpenetan, ekintzaileek haien lana parte hartzaile guztiei aurkezteko aukera dute”.

Juan Mari Altuna Bidasoa bizirik-eko presidenteordeak, bere aldetik, ondorengoa erantsi du: “Asko pozten gaitu aurreko edizioetako PechaKucha aurkezpenetako proiektu batzuek aurrera egin dutela jakiteak, kasu batzuetan, haziz”.

Krea 20X8

Aurten, ekitaldiaren irudia X izango da (10 zenbaki erromatarretan). Horrekin, Krea Bidasoaren 10.urteurrena nabarmendu nahi da. Bestalde, “X urte eraikiz” izango da leloa. Irudirako hautatutako koloreari dagokionez (euskarri grafikoak, komunikazioa...) zuri-beltza izango da, parte hartzaileek kolorea jar dezaten.

Egitarau zabala eta mugaz gaindiko begirada

Krea 20X8n tailerrak eta hitzaldiak azokaren oinarrizko pieza izango dira. Enpresak eraso informatikoetatik nola babestu, teknologia berriak aplikatuz negozio ereduak nola aldatu, “hodeian” eskura dauden plataforma digital berriak nolakoak diren, edo “datuak” etorkizunean izango duen garrantzia ezagutuko ditugu. Era berean, elikagaien sektorean negozio berriak sortuko dituzten azken joerak zeintzuk diren jakingo dugu.

Aurten, hamargarren edizioaren ospakizun izaera dela eta, “Compagnie de vents et des marées” artista kolektiboarekin batera, “H2O: GAUZA GUZTIEN JATORRIA” tailerraren bidez izaera ekintzailea bultzatzeko modu berritzailea eta dibertigarria jarriko da martxan.

Gainera, Irungo La Salle, Plaiaundi eta Bidasoa LH zentroekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Landa Garapena eta Lurralde Oreka departamentuarekin elkarlanean, Star Ekintzaile ekimena martxan jarri da. Teknologia prototipatzeko Hackathon bat, non ikasleek APPak garatu beharko dituzten, LH zentroetan ikastaro honetan landutako negozio ideietan oinarrituta. Bidasoa bizirik-en, Mondragon Unibertsitatearen (leiners), Tknikaren eta eskualdeko enpresen babesa izango du.

Aurreko edizioetan bezala, mugaz gaindiko lankidetza jarduerek pisu handia edukiko dute. Helburua da pertsona ekintzaileen, enpresen eta organismo publiko eta pribatuen artean loturak sortzea, networking edo bileren bidez. CONNECT INNOVATION BAI! Proiektuaren baitan burutuko dituzte dinamika parte hartzaile horiek.

Jarduerak Ficoba erakustazokan burutuko dira, beste urte batez. 9:00etan hasiko dira. Egitarau osoa ikusteko edota izena emateko aukera dago www.bidasoa-activa.com web gunean.

Krea Bidasoa 2018 COONECT INNOVATION BAI proiektuaren baitan kokatua dago, eta POCTEFA Espainia, Frantzia, Andorra lurralde lankidetza programak diruz laguntzen du.

Etiquetas: