25 urte bete dira, Kepa Ordoki, Gernika batailoiko komandantea hil zenetik

Azaroaren 28an, hogeita bost urte beteko dira, Kepa Ordoki, Gernika batailoiko komandantea hil zenetik. Efemeride hau oroitarazteko, Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak hainbat ekintza burutuko ditu Hondarribia, Irun eta Hendaian, azaroak 27 eta abenduak 1 artean.

“Eusko Gudariak” abestuz eta ohorez agurtu zuten ordoki 1993an, Hendaiako hilerrian. Mikel Epaltza apezaren esanetan, Ordokik“inoiz ez zuen gloria pertsonalik eskatu eta gauza bakar bat desira zuen soilik: bere herriaren askatasuna”. Mende laurdena pasata, komandantearen inguruko oroimena urrituz joan da eta Kepa Ordoki MHB elkartearentzat, heriotzaren urteurrena, “aitzaki ezin hobea da, Ordokiren bizia berreskuratu eta honen baitako oroimen ariketa bat garatzeko”.

“Bertsotan faxismoari aurre” bertso emanaldi gidatua
Azaroaren 27an, 19:00etan, Hondarribiko Kultur Etxeko areto nagusian. 1936an, Behe Bidasoak eta Euskal Herriak jasandako altxamenduan zehar idatzi ziren bertsoak abestuko dira eta garaiko zenbait pasarte aipatu. Aitor Errazkin bertsolariak, Laida Oronozkantariak eta Aritz Erasuneta Aitziber Arruabarrenatrikitilariek girotuko dute emanaldia. Joxan Elosegi, Kepa Ordoki MHB elkarteko kidea eta “Joxe Mari Lopetegi, errepublikanoen bertsolaria” liburuaren egileak gidatuko du emanaldia.

“Gernika Batailoia, askatasun itxaropena”
Azaroaren 29an, 19:30etan, Irungo Palmera Montero gunean. “Gernika Batailoia, askatasun itxaropena (1945-2015)” dokumentalak faxismoaren kontra eta aliatuen alde borroka egin zuen euskal talde militarraren historia gogoratzen du. Kontakizuna 2015eko apirilean hasten da Pointe de Grave aldean gudariei egin zitzaien omenaldiarekin. Franck Dolosorkazetariak idatzi du doku-fikzio honen gidoia eta emanaldi egunean irunen egongo da.

Kepa Ordoki eta memoria historikoa
Azaroaren 30ean, 19:00etan, Hendaiako Zokoburu eraikineko Hegoa gelan. Kepa Ordoki komandantearen bizia, testuingurua eta oroimena jorratuko da, solasaldi baten bidez. Iñaki Egaña, Euskal Memoria Fundazioko Lehendakaria eta historialaria, eta Alberto Unamuno, Markina Xemeingo Ahaztuen Memoria elkarteko kideak, Ordokiren biziaren zertzelada nagusiak eskainiko dituzte. Solasaldia irekia izatea espero da, bertaratuen parte-hartzea sustatuz.

Omenaldia
Abenduak 1ean, 12:30etan, Irungo Gernikako Arbolaren parean. Kepa Ordoki, Gernika Batailoiko Bidasotar eta bailaran askatasuna, demokrazia eta justizia sozialaren alde borrokatu duten pertsonak omenduko dira, ekitaldi xume baten bitartez.

Kepa Ordoki MHB elkarteak gogorarazi du, “Oroimen historikoak eskatzen duen errespetua ezinbestekoa da, herrien etorkizuna eta pertsona aske eta solidarioen garapenerako. Horregatik, Behe Bidasoko bizilagunak deitzen ditugu egiaren berreskuratze eta zabalpenean elkarrekin egoteko, azaroak 27 eta abenduak 1 artean, burutuko diren ekintzetan”.

Etiquetas: