G7aren gailurraren aurka mobilizatzeko plataforma bat sortu dugu hainbat eragilek, beste mundu bat sortzea posible eta premiazkoa dela aldarrikatuta

“G7 EZ! EH-tik beste mundu bat sortzen” Euskal Herriko plataforma aurkeztu dugu gaur Biarritzen, komunikabideen aurrean. Hain zuzen ere, plataforma hau 2019ko abuztuan Biarritzen bertan egingo duten G7aren gailurraren harira sortu dugu hainbat eragilek –partaideen zerrenda atxikituta-, kapitalismoak irudikatzen duen mundua errotik aldatzea beharrezkoa delako. Horregatik, gailurraren kontra mobilizatzera goazela iragarri dugu gaur, beste mundu bat sortzea posible eta premiazkoa delako, eta Euskal Herritik ere norabide horretan ekarpena egitea dagokigulako. Zentzu honetan, G7aren presentzia errefusatzearekin batera, aldaketa sozialaren aldarriari hauspoa emango diogu.

Hala, deialdi honekin bat egiten duten eragile guztiak gonbidatzen ditugu plataforman integratzera eta dei egiten diegu hemengo nahiz kanpoko herritar guztiei mobiliza daitezen, 2019ko abuztuko G7aren kontra ahal bezainbat indar bil ditzagun.

G7ak mendebaldeko zazpi potentzia ekonomikoak elkartzen ditu: AEB, Japonia, Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Italia eta Kanada. G7ko gailurrak potentzia horien nagusitasunaren ikur dira, kapitalismoaren interesen araberako konpromisoak bideratzeko egin ohi dituztelako. Konpromiso horien bitartez erabakitzen dira beste herriei inposatzen zaizkien ekonomia eta finantza politikak.

2019ko gailurrak berezitasun garrantzitsu bat izango du: Euskal Herrian izango dela; hots, kapitalismoaren, heteropatriarkatuaren eta inperialismoaren zapalkuntzei erresistentzia, elkartasuna eta bestelako mundu bat eraikitzeko borondatea sustraituta eta bizirik dauden lurralde batean. Horrenbestez, beste eredu batzuk babesteko eta beste aterabide batzuk eraikitzeko mobilizatuko gara, justizia soziala, elkartasuna eta berdintasuna oinarri.

G7 EZ! EHtik beste mundu bat sortzen Euskal Herriko plataforma

Atxikimenduak:
Amankomunak, ELB, Aitzina, Antikapitalistak (IV. Internazionaleko kidea), Askapena, ESK, Association PAF! Elkartea (Pour une Alternative Féministe!), Etxalde, EELV Pays Basque, ATTAC Pays Basque, HIRU, EH Bai, Bake Ekintza Antimilitarista, LAB, EH Bildu, Bilgune Feminista, STEILAS, Ensemble Pays Basque, Eleak Libre, Union Syndicale Solidaires, Ernai, Euskadiko Partidu Komunista, GENEPI Bayonne, Ikasle Ekintza, Ezker Anitza, IpEH Antifaxista, Gazte Komunistak, Komite Internazionalistak, Indar Beltza, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Les Insoumis-e-s, Zutik/collectif contre les violences sexistes, NPA PB, Sortu

Etiquetas: