Azaroaren 11n Euskal Herriko etxeek ateak irekiko dizkiote Bizilagunak ekimenari

Aurten ere estereotipoak eta aurreiritziak hausten dituen bazkari multikulturalaz gozatzeko gogoz gaude eta Bizilagunak 2018 abian da! Gonbidatuak gaude parte hartzera bazkarietan.

BIZILAGUNAK zer da?
Bertako eta atzerritik etorritako norbanakoak eta familiak mahai baten inguruan elkartzea helburu duen egitasmoa da.

Nork hartu dezake parte?
Edonork. Hurkoa ezagutzeko jakin-mina duen guztiak eman dezake izena. Familian, taldean edota banaka apuntatu daiteke.
Familia diogunean, bere burua halakotzat hartzen duen edozein kidego esan nahi dugu, zeinahi delarik haren osaera: ama ezkongabeak, emakumezko edo gizonezkoez osaturiko bikoteak, sexu ezberdinetakoak, haurrak dituztenak edota gabeak, bilobadun aitona-amonak, e. a. Edozein eratakoak.

Zergatik antolatzen dugu BIZILAGUNAK?
Asko eta asko garelako, bertakoak nahiz kanpotik etorritakoak, hurbiltzeko urratsa eman nahi genukeenak baina horretarako aukerarik aurkitzen ez dugunak.
Eta zinez sinesten dugulako zuzeneko harreman pertsonalean; uste dugulako esperientzia berriak izatea geure adimena zabaldu eta estereotipoak eta aurreiritziak gainditzeko modurik aproposena dela.

Jende berria ezagutuz eta haiekin jardunaz, otordu batez besterik ez bada ere, aukera atsegina eta aberasgarria gerta daitekeelako. Bertako pertsona askok ez du aukerarik edota ez daki zer egin atzerritik iritsitako pertsonak ezagutzeko, eta alderantziz; horregatik, halako guztientzat Bizilagunak ekimen hau aukera paregabea da nork bere jakin-mina asetzeko eta bestelako jatorria, kultura, ohiturak edota pentsaerak dituzten hurkoak ezagutu eta ordu batzuk gustura igarotzeko.
Hainbat gauzatan ezberdinak eta beste askotan berdinak garela zuzenean egiaztatzeko abagunea da. Arratsalde atsegin bat pasatzeko era bat da, bestelako ohiturak badirela ikasiaz; begi arrailduen atzean, edota azal beltzaran edo zurixkaren gibelean sentipen bertsuak daudela, lehen irudipenetatik haratago joateko beta hartzen badugu. Baina honaino iritsi bagara eta orain arte guztiz ezezagunak genituenekin otordua partekatzen ari bagara, haratago joateko gogoa duelako izanen da, ezta?

Non bazkaltzen da?
Bina familia horietako baten etxean egingo da bazkaria.

Bazkari egunean
Familia gonbidatzaileak egingo du bazkaria, ahal bada bere jatorrizko herrialdean tipikoa edo tradizionala den bazkari batekin. Bitartean, dinamizatzailea gonbidatuekin etorriko da, aurkezpenak egingo ditu eta elkarraldia hasiko da.

Nola har liteke parte?
Dei ezazu 943 32 18 11 telefonora edo izena eman web orrialdean:

Familia bezala: Elkarren artean nolabaiteko ahaidetasuna duten bi pertsona edo gehiagok osatzen dutenek, guretzat familia bat da jada. Parte hartu nahi dutenen norbanakoek, etorkinek bereziki, ezagunen bat aise aurki dezaketela deritzogu. Izena eman...

Dinamizatzaile bezala: Pertsona honek aldez aurretik ezagutuko ditu bere ardurapean elkarrekin bazkalduko duten bi sendiak, eta hauekin harremanetan ipiniko. Haien bitartekaria izango da. Bazkariaren egunean, gonbidatuak gonbidatzaileen etxera lagunduko ditu eta bertan, aurkezpenak egingo ditu, giroa goxatuko du ... eta denek bazkalduko dute. Beraz, izena ematen duen familia bakoitzarekin harremanetan ipiniko da dinamizatzaileren bat, oinarrizko argibideak jasotzeko: lanbidea eta bizimoduak, zaletasunak, alergiak eta osasun arazoak, etb; eta, funtsezkoena, gonbidatzaile ala gonbidatua izan nahi duten jakiteko. Izena eman...

Gipuzkoako SOS Arrazakeria

Etiquetas: