Ibilbide luzeko haurreskola da, Iraun.
1979. urtean martxan jarri zen Irungo beste eraikin batean, Prudencia Arbideko etxetxoan. Haurreskola pribatua zen orduan.
2004ean pribatua izatetik Haurreskolak Partzuergoko haurreskola izatera pasa zen, 2007an eraikin berrian hezitzaile talde bat hasi zen eta 2009an oposaketen ondoren gaur egungo hezitzaile taldea osatu genuen.
Lan taldea 12 hezitzaile, jangelako langile bat eta bi garbitasunekoak osatzen dugu. Beste langile hauek egiten duten lana ere oso garrantzitsua da guretzat.
8 urte daramatzagu elkarlanean, nahiz eta aurretik bakoitzak bere esperientzia izan.
Bikoteka lan egiten dugu, 2 hezitzaile gelaka.
Hausnarketa pertsonala eta talde lanari esker profesional talde bezala bidea egiten ari gara, gure lana hobetuz eta egokituz une oro.
208 eguneko zerbitzua eskaintzen dugu urtean.
Haur eskolako ordutegia: 7:30-17:00
2 Solairutan banatuta gaude:
6 gela ditugu 3 gela 0-1 eta 3 gela 1-2. Hasieran 0-3 zentroa ginen baina inguruko eskolek 2 urteko gelak jarri zituzten heinean 0-2 urteko haurrak ditugu.(0-3 etaparen kalterako). Psikogela, barruko patioak, kalea-ingurunea, terraza, … Instalazioen ezaugarriak: lurra radiala, aireztapen ona, argitasun ona, gela zabalak, ….
Guztira gure haurreskolan 63 haur egoten dira.
Gehienez 8 orduko egonaldia
Euskaraz egiten diegu haurrei, nahiz eta etxeko hizkuntzak errespetatu. Haur euskaldun eleanitzak izatea nahi dugu.
Helburu nagusia: 0-2 urteko haurren garapen osoa sustatzea da, haurraren garapen fisiko, afektibo, sozial eta intelektuala behar bezala garatu ahal izateko. Familiekin elkarlanean haurraren hazkuntza eta garapen osoa bultzatzea da, horretarako, haur bakoitzak dituen gaitasunak indartuz, beharrak eta interesak asetuz eta erritmoa errespetatuz
Haurra protagonista izanik, hazten lagunduko dioten hezkuntza proposamenak pentsatzen ditugu eta horretarako, espazioak antolatu, materialak aukeratu, denborak banatu eta taldeak egiten ditugu. Eta ahaztu gabe hezitzaileon papera: entzutea, presentzia, onarpena, errespetua, konfiantza haurrengan.
Azken 10 urteetan 300 bat familia pasatu dira hemendik. Ilusio handia egiten digu jaialdian familia hauekin berriz elkartzea, harreman estua sortzen dugulako beraiekin, eta hemendik pasatako haurrek ere beraiek egondako gela espazio zein hezitzaileak ikustea berriz… Ederra izango da, pozgarria eta hunkigarria ere. Ilusio handiarekin prestatzen ari gara festa hau, eta familien harrera izugarria izan da! 600 pertsonek eman dute izena! Aforo kontuak direla eta txanda desberdinak antolatu ditugu, segurtasuna bermatzeko. Aipagarria da antolatutako ekintza guztiak hemendik pasatako familien kontura izango direla, eta familia askok laguntza eskaini digutela ere eta eskertzekoa da. Oso hunkituta gaude izandako harrerarekin. Jende asko apuntatu denez, jaialdia egokitu behar izan dugu eta izango ditugun ekintzen artean margoketa tailerra, argazki erakusketa, photocalla, aurpegi margotzea eta luntxa izango dira besteak beste. Ekitaldi xumea izango da baina ilusio eta maitasun handiz egindakoa!