Muara elkartearen kontrako erasoa salatu du Hondarribiko udalbatzak aho batez

Hau izan da Hondarribiko EHBilduk udal plenoan aurkeztu eta aho batez onartua izan den adierazpena:

    Hondarribiko EHBilduk Muara elkarteak jasandako erasoaren aurrean honako eskari hau plazaratu nahi diegu Udalbatza honen partaideei:

    Apirilaren 21etik 22rako gauean Hondarribiko Muara elkartearen kontrako eraso bat izan zen. Zehazki, gaueko ordu txikietan ezezagun batzuk elkarte honek atarian zituen mastetan zeuden ikurrinak eta banderolak kendu eta txikitu zituzten “Yo soy español” eta “viva España” ohikatuz.
    Ez da lehen aldia elkarte honek honelako bortizkeriazko erasoak jasaten dituela, beraz, Hondarribiko udal batzari honako eskaera luzatu nahi diogu:

    Gurekin batera publikoki salatu dezala Muara Elkarteak pairatutako azken eraso hau, biolentoa delako, elkarbizitzaren kontrako eraso zuzena delako eta Euskal Herria osoa batzen eta ordezkatzen duen sinboloa, ikurriña, suntsitu dutelako.

    Elkarte honi babesa adierazi diezaiola pairatzen dituen erasoen aurrean.

    Gure eskaera onargarria dela iritzita espero dugu denok aho batez goian aipatutakoa onartzea.

    Hondarribiko EHBildu.

Muara elkartearen eta Hondarribiko EHBildu osatzen dugun alderdi eta militanteen izenean eskerrak eman nahi diogu udalbatza osoari emandako babesa eta elkartasunagatik. Kaltea eragiten saiatu diren horiek, entzun dezaten ozen: ikurrina, presoak etxeratzeko banderola eta borroka feministarena urratu eta txikitu dituzte, oihu faxisten bitartez beren amorrua agertu; ez dute lortuko ordea Euskal Herriaren aldeko borroka, borroka feminista ez eta euskal presoak etxeratzearen aldeko borroka etetea, askatasunaren alde dugun konpromisoa sendoagoa baita.

Etiquetas: