250 lanpostu eskaini dira XXI. Enpleguaren Astean

Irun eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa bizirik elkartearen bitartez, XXI. Enpleguaren Astea antolatu dute Ficoban. Ekitaldi honen helburua eskualdeko enpresei langileak topatzen laguntzea da eta, bestetik, lanpostu bat era aktiboan bilatzen duten pertsonentzako lana aurkitzea.

Guztira, 50 enpresa inguruk 110 eskaintza eskaini dituzte 250 lanposturentzat. Lanpostu hauetako batzuk lortzeko ez zen beharrekoa aurretik izena ematea, Ficobako stand-etara hurbildu eta curriculuma eskura entregatzearekin nahikoa izan baita. Beste eskaintza batzuk, ordea, www.elespazio.com webgunean publikatu ziren maiatzaren 16,17 eta 18an eta interesatutako pertsonek eskatutako baldintzak betetzen zituzten hiru eskaintzetan gehienez izena emateko aukera izan dute. Guztira, 572 izen-emate egin ziren webgunean publikatutako lan-eskaintzetan eta, aukeratutakoen artean, 150 pertsonek aurrez aurreko elkarrizketak egin dituzte gaur.

Merkataritza, ostalaritza, zerbitzuak, eraikuntza eta industriaren sektoreetakoak izan dira profil eskatuenak.

Tailerrak eta jarduera hezigarriak
Lana era aktiboan bilatzen duten pertsonen presentzia aprobetxatzeko, tailer osagarri ugari antolatu dira, lan-errealitatea hurbildu, profil eta eskakizun ezberdinak aurkeztu eta lan merkatuan eskura dauden trebakuntza aukerak erakusteko.

Lanbide Eures-ek Nazioarteko Lan Mugikortasunaren inguruko tailer bat eskaini du. Kirolgik porrota gestionatzen ikasteko ikastaroa egin du. Enpresei zuzenduta, diru-laguntzak eta subentzioak jasotzeko eman beharreko pausuei buruzko hitzaldia egon da.

Gainera, Bidasoa Institutuak, Irungo La Salle, Plaiaundi Institutuak eta Mendibil Formazio Zentroak XXI. Enpleguaren Astean parte hartu dute, interesatuei haien eskaintzaren berri emateko. Bestetik, Bidez Bide ere bertan izan da, atzerriko tituluak nola homologatzen diren azaltzeko.

Joan den urteko edizioa, XX. Enpleguaren Astea
2017ko maiatzeko edizioan 103 eskaintza egon ziren eta, guztira, 160 lanpostu eskaini ziren. Eskaintza horien ia %35a ostalaritzaren sektorearekin loturik zeuden eta %28a enpresentzako zerbitzuekin. Sektore industrialeko eskaintzak ia %7koak izan ziren.

Etiquetas: