HAMAIKA AHOTS: Unibertsitate Kritikoa Sareak apirilaren 4ean antolaturiko jardunaldiak

cartelUnibertsitate Kritikoa Sarea (UKS) unibertsitate publiko eraldatzailea sustatzen duen sare bat da; EHUko ikaslez, irakaslez eta GKEz osatua. Jardunaldi hauen bitartez, nahi dugun unibertsitate ereduaren inguruan eztabaidatzeko espazioa sortuko dugu. Unibertsitatea jasaten ari den etengabeko merkantilizazio prozesuaren aurrean bere funtzio sozialaren galera salatzea beharrezkoa da. Carlos Fernández Liria filosofoarekin egoteko aukera izango dugu, Madrilgo Unibertsitate Konplutenseko irakasle eta Escuela o barbarie. Entre el neoliberalismo salvaje y el delirio de la izquierda liburuaren idazlea.

Unibertsitate Kritikoa Sarea.- Unibertsitate Kritikoa Sarea osatzen dugun partaideak Gipuzkoako hainbat erakunde sozial eta Euskal Herriko Unibertsitate Publikoko ikasle eta irakasleak gara, GKE koordinakundearekin lotura dugunak; egun, jakintza produzitzen, erreproduzitzen eta sortzen den espazio publikoak birpentsatzeko eta eraldatzeko xedearekin. Zentzu hortan, Euskal Herriko Unibertsitateak, gure lurraldeko unibertsitate publikoa den heinean, bere rol soziala sustatu eta kolektiboki unibertsitate publiko sentsible eta konprometitu baten eraikuntzaren inguruan hausnartu behar duela defendatzen dugu; ongizate komuna, justizia soziala eta bidezko gizarteak, gobernuz kanpoko erakunde, elkarte, mugimendu sozial eta beste agente sozial ezberdinekin batera, unibertsitate markotik sustatzeko helburuarekin.

Europako bikaintasun ereduek unibertsitateen ardura nagusi bilakatu dituzte kalitate akreditazioak (Escámez & Jover, 2015; Brusoni et al., 2014). Prozesu honetan, hamaika dira bere funtzio sozialaren galera salatzen duten ahotsak, etengabeko merkantilizazio prozesu baten aurrean (Blum & Ullman, 2012; Boni & Gasper, 2011; Fernández-Liria et al., 2017), instituzioarekin berarekin dagoen asebetetze maila kolokan jarriz.

Izan ere, gaur egungo testuinguru historikoan aberastasuna banatzen ez duen sistema ekonomikoa, pribatizazioaren mesedetan publikoa dena murrizten duen joera, ondorengo belaunaldiak mehatxatzen dituen klima aldaketa, bizitzaerdigunean jartzea zinezkoa bilakatzen duen eta “denbora faltan” laburtzen den lan erritmoa eta gizartearen sektore zabalak kezkatzen dituen atzerapen demokratikoa ikusten ditugu. Eta unibertsitate publikoak ez dira prozesu hauetatik at egongo.

Eredu ekonomiko hau, bere emaitzen ondorioz, gehiengo sozialentzako bidegabekoa dela uste dugu nahiz eta sarritan kalitatetzat ulertu behar dena horren arabera definitu ohi den. Kalitatea eta prestigioa, ordea, unibertsitateen inklusio gaitasunaren arabera eta eskubide sozialekin duen konpromezuaren arabera ere zehaztu daitezke. Ez dago kalitatea edo funtzio soziala ulertzeko modu bakarra.

Bestalde, lan etorkizunarekiko itxaropen ezak lanbideratze logika bat sustatzera bultzatzen du, ulergarria eta beharrezkoa dena bizi dugun testuinguruan, baina batzuetan, honek ere kontraesanak sortzen dizkigu unibertsitatearen parte garenoi. Unibertsitatea kokatzen den testuinguru sozial eta ekonomikoan garrantzitsuak diren agente guztiekin, Unibertsitatearen eta Gizartearen arteko harremanean oinarrituko den Kultura Dualaren inguruan hausnartzea beharrezkoa dela uste dugu. Asko gara gure unibertsitateen publikotasuna sendotzearen beharragatik kezkatuta gauden pertsonak eta beldurrik gabe eta era kolektiboan eta aliatuan heldu behar diogu gai honi. Askok, ikuspegi ezberdinetatik, sentitu dezakegu unibertsitatea hobetze aldera lan egiten dugula. Horregatik, ezinbestekoa da unibertsitateko zein gizarte mailako agente ezberdinek unibertsitatearen funtzioaren inguruko hausnarketa prozesuak abiaraztea.

Unibertsitate Kritikoa Saretik, elkarlanean jardun dugu 2013tik, gure helburuak, jorratu nahi ditugun bideak eta aurrera eraman nahi dugun prozesua eta unibertsitate eraldatzaile eredua pentsatzen. Aurten, bide hortatik, eztabaidara, elkar ezagutzara, elkarbanatzera eta elkarrekin sortzera bideratutako jardunaldiak antolatu ditugu Ibaetako kanpusean, apirilaren 4an.

Jardunaldiak Zuzenbide fakultateko Paraninfoan izango dira eta egun osoko egitaraua izango dugu. Egunari hasiera emateko gosaria izango dugu eta jarraian Carlos Fernandez Liria, Madrilgo Unibertsitate Complutenseko filosofia irakaslea eta “Escuela o barbarie. Entre el neoliberalismo salvaje y el delirio de la izquierda” liburuaren egilea. Jarraian eztabaida dinamikak izango ditugu bazkarira arte eta ondoren eztabaidetan ateratako ondorioen elkarbanatzea bertsolariekin, egunari amaiera emango dion txarangaren aurretik.

Ikaslegoari, irakaslegoari, gobernuz kanpoko erakundeei, komunikabideei eta interesa duen pertsona orori zabaldu nahi diogu gonbidapena. Egun daukagun hezkuntza sistema birpentsatu, birsortu eta eraldatzeko lehen urratsa izan dadin nahi dugu eta difusioan eman diezagukezuen laguntza guztia behar dugu.

Etiquetas: