Aparkalekuko soluziorik gabe, aurrekontuak ez dira izango

Charla sobre aparcamientosSi se puede Irun.- Joan den asteartean Arbes, Dunboa eta Artiako auzoetako bizilagunekin elkartu ginen Palmera Monteroko gunean, hiru auzoetan bizi den aparkaleku-arazoa aztertzeko, eztabaidatzeko eta konponbideei buruz hitz egiteko. Oso harrera ona izan genuela azpimarratu nahi dugu eta ekimena Irungo beste auzoetara eramateko asmoa dugula jakinarazi nahi dugu; hurrengoa San Miguelen (data eta ordua zehazteke dago oraindik).

Izan ere, Cristina Labordak eman zituen datuen arabera, ez omen dago arazorik aparkalekuarekin auzo horietan; baina errealitatea ez dator bat irudi horrekin, eta bizilagunek lehen pertsonan bizi dituzte arazoak, batez ere arratsaldeko ordu jakin batetik aurrera euren auzoetara itzultzen direnean.

Mugikortasun-ordezkariak arro esaten du azalerako aparkalekuak kendu dituztenean, lurpeko aparkalekuak jarri dituztela herritarren eskueran, eta hainbat kasutan 54 eta 72 lekuko aparkalekuak gaitu dituztela azaleran, Artian eta Arbesen, hurrenez hurren, baina denok dakigu Artiako bizilagunen aparkaleku-beharrak estaltzeko, hori baino leku gehiago behar direla, eta argi geratu behar da Arbesen gaitutako aparkalekua aldi baterako dela eta zahar-egoitza egiteko lanak hasten direnean, hori ere desagertu egingo dela. Guztiz laidogarria iruditzen zaigu irundarren diruarekin egindako lurpeko aparkalekuen kudeaketa esku pribatuetan uztea, horrelako azpiegiturak herritarren ongizaterako egin behar baitira, eta ez gutxi batzuen poltsikoak betetzeko.

Are gehiago, zentzugabea eta lotsagarria iruditzen zaigu lurpeko aparkalekuen prezioari buruz galdetzen zaionean, kudeaketa publikoa ala pribatua izan, lekuen prezioa berdina izango litzatekeela esatea, azken batean, bere hitzetan, aparkaleku bat egiteak “6 millioi balio baditu, 6 milioi balio dituelako”; argi ikusten da lurpeko aparkalekuetan inbertitzen dutenean, azpiegiturak ekarriko dituen etekinak dituztela buruan bakarrik.

Eta ez dezatela gehiago esan konponbiderik ez dagoela; badakigu miraririk ez dagoela, baina badaude Irungo biztanleen bizitza izugarri erraztuko luketen neurri merkeak ere. Gehiengoaren ongizatea bilatzeko borondate politikoa besterik ez da behar!

Etiquetas: