Alarde berdinzale eta integratzailea.
Alarde Parekidearen Juntak geure harrotasuna adierazi nahi dugu aurten, 2019an, Alardean partaidetza historikoa erdietsi dugulako, inoizko jendetzaz, gogoz eta alaitasunez ospatu dugu eta.
Aspaldiko urteotan Alardearen hazkundea handitu egin da, urtetik urtera gehiago baitira lehen aldiz gurean parte hartzen dutenak. Ehunka lagun konturatu dira hauxe dela etorkizuneko Alardea, esperientzia paregabea pozez partekatu dezaketelako alabekin, bikotekidearekin, bilobekin. Alarde honetan, inklusioa eta berdintasuna ez dira hitz polit hutsak, baizik eta martxoaren 8an ez ezik urteko egun guztietan ere aldarrikatu beharreko balioak. Izan ere, geure izatearen muin eta mami dira, egiten dugunaz harro sentiarazten gaituztenak.
40, 50 edo 60 urteko lagunak batu zaizkigu, egon behar dutela uste duten tokira lehenengoz datozkigunak, ingurukoen edo adiskideen presioaren beldurra behin betiko gaindituta.
Gazte pila ere bildu zaizkigu, neska-mutil asko, desfilatu ez ezik konpainia edo unitateetan agintari izateko ardura ere berenganatu dutenak, Alarde hoberena egitea lortzeko gogo biziz; alegia, tradizioari errespetu osoz, jai giroan, inklusioz, berdintasunez eta zorion beteaz diharduten gazteak.
Harro gaude, eta eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu espaloi eta balkoietatik babesten gaituztenei. Gero eta gehiago dira, gero eta adoretasuago, inor bazter uzten ez duen etorkizuneko Alardearen alde egiteko beldurrik batere gabe. Haiek eta guk, denok maite dugu irundarrei bizitasuna ematen dien Alarde hau.
Eskerrik asko erakundeei ere: Emakunderi, Foru Aldundiari eta Arartekori, haien dirulaguntzaz eta babes esplizituaz ahalbidetzen dutelako Alardea; eskerrik asko babesa eta elkartasuna adieraztera etorri diren alderdi politiko guztiei ere.
Lanean jarraituko dugu, urtez urte zabal dadin irundarren arteko errespetua eta aitortza, gure hirian elkarbizitza eta normalizazioa behingoz nagusitu daitezen. Banantzen gaituen harresia gero eta ahulago dago. Guk geure herkide gehienekin batzen gaituena nabarmendu nahi dugu, eta Alarde bikain hau babesteagatik edo bertan parte hartzeagatik pairatutako presioak eta errepresaliak dagoeneko hutsaren hurrengo direla antzematen dugu. Bizilagun eta adiskideek, gurekin desfilatu edo ez, dagoeneko ez digute agurra edo laguntasuna ukatzen.
Gaurgero asko dira norberaren iritziaren aurretik errespetua, maitasuna eta aitortza lehenesten dutenak. Haien keinuek gizatiarrago eta eskuzabalago egiten gaituzte denok, eta ziur gaude egunen batean Alardea berriro izango dela herritarron elkargunea.
Azkenik, berriro erakutsi nahi dugu geure kezka hiriko agintari gorena, Jose Antonio Santano alkatea, ez delako 1.700 lagun baino gehiago biltzen dituen Alarde parekide eta inklusiboari abegi on egiteko gai. XXI. mendean erabat lekuz kanpo dagoen mespretxutzat dugu
Alarde Publikoaren Junta
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 613 irakurketak
- Castellano