Mundu berri bat eraikitzeko deiaz bete dituzte Miarritzeko kaleak

Miarritzen ManifeztazioaTopatu.- Abuztuan Miarritzen ospatuko den G7aren gailurrari aurkakotasuna adierazi diote G7 EZ! plataformako kideek. “Euskal Herritik beste mundu bat sortzen” lelopean bete dituzte hiriko kaleak.

Arratsaldeko 17:00etan abiatu da G7 EZ! Pataformak deitutako manifestazioa Miarritzeko Midi geltokitik. Milatik gora pertsona batu dira mobilizazioan. Manifestazio burua abiatu aurretik, antolatzileek jakinarazi dute amaierako ekitaldia Midi plazan bertan egingo zela eta ez hasiera batean planifikatuta zegoen moduan, Kasinoan. Aurretik ere salatu izan dute antolakuntzako kideek instituzioetatik jasozen ari diren traba eta oztopoak plataformaren dinamika politikoa garatzerako orduan.

Plataformako kideen hitzartzea aurretik, Midi plaza jendez berriz ere betetzen ari zela, hainbat pertsonak G7ko agintarien marrazkiak zituzten pankartei kolore gorriko margoarekin betetako arrautzak jaurti dizkiete. Ondoren, performance bat eskaini da plazan bertan.

G7 EZ! plataformako kideen txanda iritsi da ondoren. Bertaratutakoei eskerrak emanez hasi dira. G7aren gailurra Euskal Herrian ospatzea erronka handitzat jo dute. Zapalkuntza anitzen erantzuleei bestelako mundu bat eraikitzeko borondatearekin erantzun nahi diete. Horretarako hain zuzen ere antolatu dute abuztuaren 19tik 23ra Irun eta Hendaia artean G7aren kontragailurra. Hitzaldi, ekitaldi eta ekimenez beteriko egunak izango dira. Abuztuaren 24an, ordea, manifestazio bat deitu dute Hendaian. 25an, amaitzeko,”ortzadarra eremua” osatuko dute G7a ospatuko den lur-eremuan; desobedientzia ariketa baketsu eta masiboa izatea espero dute. Deialdietara batzeko deia egin diete gaurkoan bertaratutakoei.

Etiquetas: