Udal Hauteskundeetako Irungo euskarazko debate ireki bakarra, bertan behera utzi behar izan du Antxeta Irratiak

Antxeta IrratiaAntxeta Irratia.- Antxeta Irratia (Euskal Irratiak Federazioa) Udal Hauteskundeen hitzorduak duen garrantziaz jabeturik eta irundar orok Udal Hauteskundeei begira proposamen politiko ezberdinen berri euskaraz ere jasotzeko eskubidea duela sinestuta, alkategaien arteko debatea antolatzeko ahalegin guztiak egin ditu berriz ere.

Maiatzaren 16an 18:30ean, Palmera-Montero gunean herritar orori irekitako debate parte-hartzaile bat antolatzen ahalegindu da, euskara ez dakitenen hizkuntz eskubideekin errespetuz, itzulpen zerbitzua ere proposatuz.

Tamalez, Irunen, gaur egungo udalbatzan ordezkaritza politikoa duten alderdi politikoetako alkategai guztiak eztabaidagune berean batu ezin izanaren aurrean, Antxeta Irratia Irunen ospatzekoa zuen euskarazko udal hauteskundeetako debate ireki bakarra bertan behera uztera behartua ikusi da.

Irungo udaletxean ordezkaritza duten alderdi politiko gehienetako alkategaiek (ELKARREKIN PODEMOS, EAJ-PNV, EH Bildu eta PP) gonbidapena onartu duten bitartean, PSE-EE alderdiko Jose Antonio Santanok ez du baieztatu etorriko denik ere. Irungo Herriko Etxean ordezkaritza duten alkategaien arteko eztabaidarako denen presentzia ezinbestekoa dela uste dugu, eta beraz, arrazoi honengatik uzten dugu mahai-ingurua bertan behera.

Etiquetas: