Martxan da "Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren" V. edizioa, "Ez zaude bakarrik" leloarekin

CartelAurtengo edizioak “Ez zaude bakarrik” izango du ipuinen abiapuntu edo gaia. Goiburu honekin indarkeria matxista jasaten duten emakumeenganako babesa eta elkartasuna jorratzen dituzten ipuinak sustatu nahi ditugu.

Aurten, lau kategoria izango ditu lehiaketak: 10 eta 16 urte arteko gazteentzako euskara eta gaztelerazko kategoriak eta 16 urtetik gorakoentzat ere euskara eta gaztelerazko kategoriak. Otsailaren 9ra arte bidali ahalko dira lanak, emailez zein posta arruntaz.

Sariak

Kategoria bakoitzeko sari bat egongo da. Helduen kategoriako irabazleek (bai euskarazkoak eta baita gaztelerazkoak ere) 300 euroko sariaz gain, 50 euroko balioa duen liburu pakete bat jasoko dute, Irungo Brontë liburu-dendaren eskutik. Gazteen kategoriako irabazleek (bai euskarazkoak eta baita gaztelerazkoak ere) 100 euroko saria jasoko dute, eta 50 euroko balioa duen liburu pakete bat, hau ere Brontë liburu-dendak eskainita. Liburuek feminismoaren inguruko gaiak jorratuko dituzte.

Indarkeria matxistarik gabeko jendarte bat irudikatzeko bokazioz abiatu zen Asun Casasola Ipuin Lehiaketa, orain sei urte. Nagore Laffagen erailketak eragindako mina gainditu eta jendartea eraldatzeko indarra atera du haren amak, Asun Casasolak. Eta ama honi omenaldia egin nahi dio literatur lehiaketa honek.

Urte hauetan 1000 ipuin baino gehiago bildu ditugu. Ipuin haietako batzuek argia ikusi zuten iaz, hainbat emakume ilustratzailek mimoz egindako marrazkiekin lagunduta, 'Gogoratzen nauzuenetan' ipuin ilustratuen bilduman. Liburuaren ale bat jaso nahi izanez gero, jarri gurekin harremanetan ondoko helbidean: parean.elkartea@gmail.com. Aurten gainera, lehen lau edizioetako ipuin irabazleekin osatutako podcast bilduma batek argia ikusiko du.

Anima zaitez zure ipuina gurekin partekatzera eta Asun Casasolaren eguneroko lanaren indarrari batu iezaiozu zure hondar alea.

HEMEN daude lehiaketan parte hartzeko oinarriak.

Etiquetas: