Irungo EH Bildu: Hauteskunde prozesua

Berasategi, Cayetano eta Melida prentsaurrekoanIrungo EH Bildu hauteskunde prozesuan bete-betean murgilduta dagoela jakinaraztea da, prozesua erabat parte hartzailea izango da eta bi arlo hauetan banandu dugu.

PROGRAMA: Legegintzaldi honetan, gure zinegotzien lana eraginkorra izan da, gure hiriaren dinamikan proposamen eraikitzaileak sortu eta gizarteratu. Honen adibidide ugari ditugu: San Miguel Anakarako kirol ekipamendu berrien proposamena, ekologistekin batera kirol pistak Plaiaunditik ateratzeko beharra nabarmentzea, erabakitze eskubidearen inguruan lortutako adostasun zabala etab. Bide horretan, herriaren ezagutza horretatik abiatuta hiri proiektu sendoa egiten ari gara, herritarrekin batera eta herritarren kezka eta beharrei erantzuten. Hau da, herritarrak erdigunean kokatuko dituen Irun berria sortzeko pausoak ematen ari gara. Hala, dagoeneko hainbat eragile eta norbanakoekin bilerak egin ditugu eta aurrerantzean ere, horretan jarraituko dugu.

Beraz, Irun herriarentzako landu dugun proiektutik abiatuta, programaren osaketa era guztiz parte hartzailean egiten ari gara, aipatutako bilerez gain, lantaldea gure komunitateari irekia baitago. Esan behar dugu, abenduan egin genuen batzar irekian hainbat lagunek programa lantaldean parte hartzeko izena eman zutela eta taldea oraindik ere irekia dagoela EH Bilduren proiektua indartu nahi duen pertsona ororentzat. Horretaz gain irun@ehbildu.eus helbidera ere bidali daitezke proposamen edo ideiak.

ZERRENDA: Irungo aniztasuna era egokian isladatuko duen zerrenda indartsua osatu nahi dugu, Irungo gizarteko geruza guztiak ordezkarik sentitu daitezen. Era ireki eta parte hartzailean osatuko da, eta EH Bildurekin bat egiten duen orok izango du prozesuan parte hartzeko aukera. Jada ireki dugu izenak proposatzeko aukera irun@ehbildu.eus helbidera izenak bidaliz. Horretaz gain EH Bilduk webgune sendoa du bere dinamikaren berri emateko: elkarrekin.ehbildu.eus-en izena emandako guztiek era zuzenean izango dute hauteskunde prozesuaren berri eta bertan egingo diren bozketetan eta erabakietan parte hartuko dute.

HAUTESKUNDE BULEGOA: Hauteskundeak bitarte, Irungo Bilgunea izango da gure hauteskunde bulegoa. Duela urte bete ireki genuen Bilguneak kokapen ezin hobea du eta edonork izango du bertara hurbiltzeko aukera izan programarako proposamenak egiteko, zerrendarako proposamenak egiteko, bozketetan era presentzialean parte hartzeko edo/ eta edozein zalantza argitzeko. Bulegoa goizez irekita egongo da astehen, asteazken, ostiral eta larunbatetan eta arratsaldez astearte eta ostegunetan.

Laburbilduz, ilusio handiz ari gara proiektu sendoa osatzen, eta horretarako proiektua ordezkatuko duten pertsona egokienak bilatu nahi ditugu ere parte hartzaile eta garden baten bidez. Beraz, Gure proiektuarekin bat egiten duen orori dei berezia egin nahi diogu prozesuan parte hartzera, eta horretarako elkarrekin.ehbildu.eus-en izena ematera.

Etiquetas: